Bide estuegia birentzat

Finalerdietarako bidean topo egin dute Tauk eta Unicajak, aurreko ACBko finala jokatu zuten biek

Jon Rejado.
2007ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Bide paraleloak jarraitu dituzte Tauk eta Unicajak denboraldi honetan. Sailkapenaren buruan doan bidea jarraitu du Tauk hasieratik. Sei postu beherago doana jarraitu du Unicajak. Dena den, irudi hobea edo eskasagoa eman, bi bideak ACBko final-laurdenetan elkartu dira. Hainbatetan jokatu dute elkarren aurka denboraldia hasi zenetik. Dena den, aurrekoetan ez bezala, bakar batek baino ezin izango aurrera egin. Finalerdietarako bidea estuegia da.

Egoera bertsuan egingo diote aurre kanporaketari bi taldeek. Tentsio berarekin. Irabazteko grina dute bi taldeek, eta sari gutxi eskuratu dute denboraldi honetan. Kopa eta Euroliga jokatu zuten biek, baina ezin izan zuten txapela jantzi ez batean ezta bestean ere. ACB Ligako txapelduna izateaz gain Superkopa da Baskoniak denboraldi honetan irabazi duen txapelketa bakarra. Hori dela eta txapel gosea dute biek, eta hori kantxan ikusiko da.

ACBko final handia jokatu zuten elkarren kontra aurreko denboraldian, baina, honetan, bidearen hasieran egingo dute topo. Sari pozondua da Taurentzat, Liga lehen postuan bukatu ondoren txapela janzteko hautagai sendo baten kontra jokatuko baitu. Dena den, Unicaja menpean har dezakeela jakin badaki Baskoniak. Denboraldi honetan hirutan hartu du menpean. Superkopan izan zen bat, eta ACB Ligan hurrengo biak. Lauko Finalean ezin izan zuen laugarrena lortu, esku-eskura izan zuen arren.

Kanporaketa baldintza dezaketen giltzak aski ezagunak dira. Oso ondo ezagutzen dute elkar Tauk eta Unicajak, eta zaindu beharreko alorrak buruz dakizkite. Erritmoa da lehen giltza, batez ere Baskoniarentzat. Ikuskizun eskasenak bere erritmoa inposatu ez duenean eman ditu, Real Madrilen kontra bi partidatan edo Lauko Finalean kasu. Korrika egiteko erraztasuna du Baskoniak, eta, burua galdu gabe, horren aldeko apustu egin behar du.

Defentsaren garrantzia ere handia da. Buruz buruko jokaldietan hamaika arazo izan dituzte Tauko jokalariek denboraldian. Unicajaren kontra horren berri eman zuen Atenasen. Marcus Brownen buruz buruko jokaldi batean galdu zuen Lauko Finaleko kontsolazio partida. Saskipean ere arretaz zainduko dituzte Unicajako pibotak, Pieturs eta Jimenez kanpora ateratzen baitira jaurti edo barnekaldiak egiteko.



GORAKO BIDEA, BERTSUA. Jokoaz gain, bi taldeen artean dagoen lehia ere sumatuko da kantxan. Tauren eta Unicajaren arteko neurketak ACBko klasikoen artean daude dagoeneko. Klub handienen nagusitasuna ezbaian jartzeko ahalegin gehien egiten duten bi taldeak dira, hain zuzen ere. Futbol taldeen babesa izan ez arren, Bartzelona eta Real Madrilen aurrekontuak izatearekin amets ere egiten ez duten arren, orain dela hainbat urteko helburua gauzatu dute biek. Gorako bidea eskutik helduta egin dute, gainera.

Tau izan zen hori lortu zuen lehena. Herb Brownen garaitik geroz eta pauso sendoagoak egin zituen gorako bidean. Manel Comasek bultzada berria eman zion ACB Ligan zein Europan. Scariolo azken kolpea emateko zorian egon zen, baina ACBko finalean TDK Manresaren aurka galdu zuen. Ivanovicen eskutik ACBko talde onena bihurtu zen Tau 2001-02ko denboraldian. Unicajaren kontra lortu zuen hori, gainera. Maljkovicek berak zuzentzen zuen Unicajaren kontra.

Unicajak denboraldi batzuk gehiago behar izan ditu ACBko txapela janzteko. Aurreko denboraldian lortu zuen Tauren kontra. Scarioloren eta Perasovicen arteko lehian italiarra nagusitu zen, eta bultzada polita eman zion Unicajaren konfiantzari. Denboraldi honetan Lauko Finalean lehengoz sartu dira, adibidez. Bide gorabeheratsua izan duen arren, irabazi behar duenean irabazten daki Unicajak. Hori bera egiten dakien talde baten kontra jokatuko du gaur, ordea.



TAU BASKONIA-UNICAJA

Tau Baskonia: Scola, Prigioni, Cilla, Rakocevic, Vidal, Planinic, Erdogan, Teletovic, Peker, Splitter, Roe, House.

Unicaja Malaga: Sanchez, Rodriguez, Welsch, Cabezas, Pieturs, Ndong, Faverani, De Miguel, Tusek Jimenez, Faison, Brown.

Lekua: Fernando Buesa Arena (Gasteiz).

Ordua: 20:30ean (Vocento).





beste kanporaketak

Bartzelona-Akasvayu Girona. Tentsio itzela dute bi taldeek kanporaketa honetan. ACB Liga irabazteko helburua izateaz gain, Euroligan sartzeko helburua dute biek eta galtzen duena sari hori gabe geldituko da. Bartzelona da finalerdietan sartzeko faboritoa kanporaketan, ematen duena baino orekatuagoa izango den arren. Pesic eta Ivanovicen arteko lehia handia izango da, saskibaloia ulertzeko modu bertsua baitute. Kanpoko lerroan kalitate itzela dute biek, Bartzelonako hegalekoek eskarmentu gehiago duten arren. Dena den, saskipean erabaki daiteke kanporaketa. Gasol eta Fucka ditu Akasvayuk eta Vazquez eta Trias Bartzelonak. Gironako taldea ez da sasoiko heldu kanporaketetara. ACB Ligako bigarren itzulian bederatzi partida galdu ditu, baina partida garrantzitsuetan haien onena ematen dakite.



Real Madril-Pamesa Valentzia. Kanporaketa desorekatuena da, hasiera batean. Aparteko jokoa erakutsi dute zuriek denboraldi hasieratik, eta txapela janztea dute helburu denboraldia modurik onenean bukatzeko. Tunceri eta Raul Lopez antolatzaile bikote ikusgarria da, eta haien erritmoa inposatzeko erraztasun handia dute. Defentsan lan ona egiten dakite, eta erasoan partida apurtzeko gai diren jokalariak ditu: Bullock, Reyes, Smith, Hervelle... Pamesa sasoi onean heldu da kanporaketetara, ordea. Garcesek eta Douglasek maila aparta erakutsi dute azken txanpan. Pibotak 13 puntu eta hamar errebote eskuratu ditu batez beste azken zazpi partidatan, eta Douglasek 25 puntu sartu ditu azken hiru partidatan. Denboraldian egiten dutena baino lan hobea egin beharko dute, ordea, talde moduan Real Madril gelditzeko.



DKV Joventut-Kanaria Handia. Sasoirik onenean heldu dira biak final-laurdeneko kanporaketara, baina Joventutek abantaila txikia dauka. Oso partida gutxi galdu ditu etxean, eta, bosgarren partida bat jokatu behar izanez gero Badalonan jokatuko luke. Aito Garcia Renesesek eta Salva Maldonadok saskibaloi bizia eta ikusgarria dute gustuko, eta ikuskizun bikaina emango dute. Jokalari gehientsuenek jokoan laguntzeko aukera dute, eta, alor horretan, Joventutek kalitate gehiago du. Kanaria Handiak ezustekoa eman nahi du behingoz eta finalerdietan sartu. Ohi baino ahalegin handiagoa egin beharko du, eta zentzuz jokatu. Joventuten defentsak aurkariaren jokoa apurtu ohi du, eta Marcus Norrisen lanak garrantzi itzela izango du. Joventuteko jokalari gazteen lana garrantzitsua izango da, bizitasuna ematen baitiote jokoari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.