BERRIA Txapelketak etzi izango txapeldun berria: Amezketako Zazpi Iturri taldeak eta Uharteko seikoteak finala jokatuko dute, Hernaniko pilotalekuan (19:00). Gipuzkoarrak faboritoen artean ageri ziren, eta nafarrak finalera iristeko hautagaien zerrendan. Biak, gainera, txapelketa irabazitakoak dira: Zazpi Iturrik lehen aldia irabazi zuen, 2003an, eta Uhartek bigarrena, 2004an. Iragan asteburuan lortu zuten bi taldeek finalerako txartela, eta bide ezberdinetatik eman zuten azken pausoa. Uhartek kostata kanporatu zuen Doneztebeko Erreka; Zazpi Iturrik, berriz, lehen bi partidak aski izan zituen Irurtzuni irabazteko.
1. Uharte 2
KADETEAK
Telletxea-Elizalde 14
Larunbe-Goñi 22
GAZTEAK
Maia-Lasa 22
Zesta-Mina 17
NAGUSIAK
Esain-Gorriti 16
Ioldi-Linzoain 22
Nafarren arteko kanporaketa izanda ere, jendetza bildu zen iragan ostiralean Galdakaoko pilotalekuan. Lehia estua espero zen, eta bi taldeek pronostikoak bete zituzten, aurtengo txapelketako kanporaketarik onena izan baitzen. Azkenean, Uhartek egin zuen aurrera, lehen eta azken partidak irabazita.
Uharte zen faborito kadeteetan, baina Larunbek eta Goñik berrogei minutu behar izan zituzten Telletxea eta Elizalderi irabazteko. Partida orekatua izan zen piloteoan, baina aldea Larunbe aurrelariak markatu zuen, bereziki saketik: 13 tanto egin zituen guztira, horietatik zortzi lehen pilotakadarekin. Tanto alde hori egon zen bukaeran bi bikoteen artean. Gazte mailako partida ere ez zen samurra izan, Errekako Maiak eta Lasak ordubete behar izan baitzuten Zestau eta Minaren ekina baretzeko. Partida orekatua izan zen (5-5, 10-10 eta 15-15), baina irabazleek azken txanpan hautsi zuten partida (20-15). Lasa atzelaria nabarmendu zen, txapa gaineko onak boteaz.
Nagusien mailako partidak erabakiko zuen finalean zein ariko zen. Errekak Esain eta Gorriti profesional ohiak batu zituen Ioldi eta Linzoaini aurre egiteko. Uhartekoa afizionatuetako bikote klasiko bikain bat da, baina hala ere 91 minutu behar izan zituen taldea finalera eramateko. Atzelari lehia polita ikusi zen, eta Ioldi Esain baino gehiago izan zen. Halere, Uhartek pilota aldatuz lortu zuen tartea irekitzea (6-10etik, 7-15era). Gero Erreka izan zen gustuko pilota atera eta aurretik jarri zena (16-15). Hor bukatu zen bidea, baina, Uhartek jarraian egin baitzituen kanporaketako azken sei tantoak.
2. Irurtzun 1
KADETEAK
Altuna-Irribarria 22
Espinal-Goñi 10
GAZTEAK
Gallurralde-Jaka 22
Ijurra-Beraza 9
NAGUSIAK
Arzelus-Garmendia 18
Ansotegi-Mariñelarena 22
Ostiralean lehia estua egon zen, baina igandean Tolosan aski izan ziren lehen bi partidak. Jendetza batu zen Beotibarren, eta Zazpi Iturriren erakustaldia ikusi zuen. Kadeteetan, Altuna Zazpi Iturriko aurrelaria nabarmendu zen, hamabost tanto egin baitzituen. Hein handi batean, baina, Irribarria kidearen lanaren fruitu izan zen, eta hori Goñik ondo eutsi ziola kontuan hartuta. Hasieratik hautsi zen partida (16-4).
Gazteen mailako partidak ordu erdi bakarrik iraun zuen, eta ez zen ona izan, Irurtzungo bikoteak hamahiru huts egin baitzituen, eta irabazleei bidea erraztu zion. Jaka atzelaria nabarmendu zen eta Gallurraldek ondo baliatu zuen agintea. Nagusien mailako partida hasterako Zazpi Iturrik hogeita bost tantoko aldea zuen, eta finalerako txartela eskuan. Azken partidan ez zegoen deus ere jokoan eta bi taldeek ordezko aurrelariak erabili zituzten. Irurtzunek kanporaketako emaitza atondu ahal izan zuen. Hemezortzinakoaren ondoren, nafarrak freskoago iritsi ziren bukaerara.
ErrekaZazpi Iturri
Bide ezberdinetatik
Zazpi Iturri Amezketako taldeak eta Uhartek BERRIA Txapelketako finala jokatuko dute etzi, Hernaniko pilotalekuanGipuzkoarrek Irurtzun kanporatu dute finalerdietan, eta nafarrek Erreka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu