Iraupena. 1.01.05.
Pilotakadak. 474.
Saketik. Irujok 3; Bengoetxeak 1 eta falta 1.
Markagailua. 1-0, 1-1, 2-1, 2-2, 4-2, 4-3, 5-3, 5-4, 7-4, 7-5, 10-5, 10-7, 12-7, 12-8, 13-8, 13-13, 13-14, 14-14, 21-14, 21-15 eta 22-15.
Bestelakoak. Sarrera bikaina Iruñeko Labrit pilotalekuan, harmailak lepo bete ziren. Apustuetako dirua 100-60ri irten zen gorrien alde.
Bidaiak beti dira ikasgai, eta bide ekiten zaion aldi oro hazte prozesu bat da. Pauso bakoitzak irakasten du zerbait, bidezidor oro da lezio. Irujo eta Merino eskutik ari dira bidaiatzen binakakoan, pilotalekuz pilotaleku, astez aste, eta partidaz partida. Eta biei sumatzen zaie jakintza hori, euren buruak eta txapelketako bihurguneak hobeto ezagutzen ari direlako. Lehen fasearen azken txanpara iritsi direnean ematen ari dira daukaten onena biak, eta garaiz heldu dira sailkapena are gehiago estutu eta finalerdietan sartzeko hautagai bilakatzeko.
Irujo ez dago bere onenean, baina atzo Labriten ikusi zen hobera doala, eta, bere gabezien jakitun, partida serioa jokatu zuen. Sasoi onena gertu du, kolpez ondo dago, nahiko fresko, baina zehaztasuna falta zaio, bideak emango diona. Baina bitartean, kide ona du pausoak lasai emateko. Merino II.a ere bidearekin zailtzen ari baita. Uxatu ditu zalantzak, eta Labriten bera izan zen laukoteko onena. Txapelketa zer den ikasi du, eta libre jokatu zuen, lasai.
Aspeko bikoteak laugarren puntua lortu zuen, eta aurkariekin berdindu. Bi aurrelariak presaka hasi ziren, eta huts ugariren ondorio oreka egon zen lehen tantoetan (5-4). Nabarmentzekoa bi atzelari gazteek erakutsiriko seriotasun eta patxada. Baina Irujok Bengoetxeak baino lehenago aurkitu zuen iparra, eta agintzen hasi zen. Gorriak gehiago ziren, eta Iberokoak erasoan eginiko hutsek eduki zituzten partidan Bengoetxea VI.a eta Zabala (13-9).
Leitzarrak gaizki ekin zion partidari erasoan. Inspiraziorik gabe, eta asko arriskatzera behartuta, huts asko egin zituen. Baina kolpetik dena aldatu zen, eta bost minutu miragarritan aurretik jartzea lortu zuen (13-14). Lau tanto on egin zituen jarraian, eta partida aldatuko zela zirudien.
Baina ez, gorriek ez zuten ustekabekorik nahi, eta gogotik lan eginez eten zuten Bengoetxearen frenesia. Merinoren seriotasunak Irujo kutsatu zuen, eta luze jokatuz 9-1eko partzialarekin —tartean saketik jarraian eginiko hiru tanto— itxi zuten partida. Irujo eta Merino kontuan hartzeko moduko bikotea da, eta partidak jokatu ahala, bidea eginez, are gehiago egingo du goraka. Hori bai, aurkako tanto aldea zama astuna da.
Bestalde, sailkapena are gehiago estutuko da gaur Logroñon (17:00, ETB1), Titin III.a-Pascual eta Berasaluze VIII.a-Apraizek jokatuko duten zortzigarren jardunaldiko azken partidarekin.
Irujo-Merino II.a 22. Bengoetxea VI-Zabala 15
Bide guztiak direlako ikasgai
Merinok partida oso ona jokatu du, eta, Irujo hobera egiten ari denez, are gehiago estutu dute sailkapena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu