Bide guztiek Erromara daramate

Txapeldunen Ligako multzoen faseko zozketa egin da, eta lehen jardunaldia irailaren 16an eta 17an jokatuko da

Aitor Manterola Garate.
2008ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Sailkatzeko kanporaketak bukatu eta gero, iristear da Txapeldunen Ligako multzoen fasea. Atzo zozkatu zituzten zortzi multzoak, eta irailaren 16an eta 17an jokatuko da lehen jardunaldia. Hogeita hamabi talde ariko dira, eta maiatzaren 27an amaituko den ibilbide luzean murgilduko dira. Erroman dute helmuga, Italiako hiriburuan jokatuko baita finala. Bi talde soilik helduko dira, baina hasiera honetan, denek dute itxaropena bertara iristeko. Bide guztiek Erromara daramate aurten.

A multzoa Bi faborito argi

Chelseak eta Erromak aukera asko dituzte final-zortzirenetara sailkatzeko. Indartsuenak dira. Girondinsek ez du ematen Erromari arazo handiak ipiniko dizkionik bigarren postua lortzeko. Errumaniako Cluj-i gozatzeko aukera besterik ez zaio gelditzen.

B multzoa Bigarren postua kolokan

Inter Milan da lehen postua lortzeko hautagai bakarra. Jose Mourinhoren gidaritzapean, Txapeldunen Liga irabazi nahi du. Portugaldarra aulkian izanik, jakina da zer-nolako taldea izango den Italiakoa. Bigarren postua eskuratzeko, aldiz, sekulako borroka izan dezakete Werder Bremenek eta Panathinaikosek. Anorthosis ziprearra honaino heltzea ezuste latza izan da.

C multzoa Multzo errazena

Zorte ona izan du Bartzelonak, Sporting Lisboa, Basilea eta Shaktar Donetsk ez direlako aurkari indartsuak. Kataluniarrentzat behar luke lehen postuak, eta bigarrena lortzeko parekatuta egon daitezke beste hirurak. Duela zenbait denboraldi, suitzarrek oso txapelketa ona egin zuten.

D multzoa Parekatua

Liverpool, PSV Eindhoven, Olympique Marsella eta Atletico Madril. Itxura batean, ingelesak dira indartsuenak, eta herbeheretarrak ahulenak, baina multzo zaila izatearen itxura dauka. Espainiarrak eta frantziarrak onena eta txarrena egiteko gai dira, baina goranzko bidean daude. Beraz, akatsik txikiena garesti ordain daiteke multzo honetan.

E multzoa Bi goitik, bi behetik

Bitan banatuta dago multzo hau, Manchester United eta Vila-real faborito argiak direlako final-zortzirenetara sailkatzeko. Celtic Glasgow talde jatorra da, munduan zehar zale asko dituena, historikoa, baina Europan ez da oso lehiakorra. Aalborg daniarrarentzat saria da honaino heltzea.

F multzoa Hiru talde eta bi postu

Itxuraz, Olympique Lyon eta Bayern Munich dira faboritoak, baina erne Fiorentinarekin. Steaua Bukarestek behar luke lauretan ahulena.

G multzoa Zaila eta gogorra

Arsenal Oportoren, Fenerbahceren eta Dynamo Kieven gainetik dago, baina dabilela argi; batez ere, etxetik kanpo. Gainerako hiruren artean parekotasun handia dago, eta gauzak ongi egiten dituenak saria izan dezake: Arsenalen aurretik gelditzea.

H multzoa Kontuz errusiarrekin

Izenari erreparatuta, Real Madril eta Juventus dira faboritoak, baina Zenit UEFAko txapelduna da, talde ona. Ezustea al litzateke espainiarrak edo italiarrak kanpoan gelditzea Baterekin batera?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.