Futbola

Bide onean segitzen du Alavesek

Arabako taldeak Vila-reali irabazi dio Mendizorrotzan (2-1). Bigarren garaipena du jarraian, eta pauso handia eman du jaitsiera atzean uzteko.

Alaveseko jokalariak partidako lehen gola ospatzen. RAUL BOGAJO / FOKU
Aitor Manterola Garate.
2021eko apirilaren 21a
23:26
Entzun

Jaitsiera atzean uzten ari da Alaves. Bigarren garaipena lortu du azkeneko hiru partidatan, Vila-real menderatuta (2-1), eta hiru puntu urrundu da azken-hirugarren lekutik. Javi Calleja entrenatzaile denetik, bederatzi puntutik zazpi atera ditu.

Bizi hasi da partida. Ezin biziago, baina etxekoak hasi orduko hiltzeko arriskuarekin. Izan ere, 40. segundoan, Chukwuezeren burukada Laguardiak atera du ateko marran. Alavesek ere hortzak erakutsi dizkio Vila-reali, aukera garbirik sortu gabe izan bada ere hamahirugarren minutura arte. Bi taldeak ari ziren erraz gainditzen aurkaria.

Etxekoen lehen aukera garbia Joseluk izan du hamahirugarren minutuan, kontraeraso batean, baina Rullik urrundu dio jaurtiketa. Handik bi minutura, kanpotarrak baloiarekin jolasean ari zirela area barruan, Alavesekoek baloia lapurtu, eta Joseluk jaurti du berriz ere; Rulli jarri zaio parean, bigarrenez. Segituan, Gerard Morenok egin du jaurtiketa area barrutik, baina kanpora bota du.

Hurrengo jokaldian sartu du gola Alavesek. Aldeko alboko sake batean, kanpotarren zelaian, bizi ibili da Lucas Perez espaziora puskatzen, eta Riojari eman dio baloia. Horren erdiraketa Jotak errematatu du, oker, bigarren zutoinaren inguruan. Burukada txarra pase on bilakatu da, beste zutoinetik gertu Joseluk bultza egin duelako baloia sarera. Talde handi baten aurka aurretik jartzea lortu du Callejaren taldeak.

Lerroak atzeratu ditu hortik aurrera etxeko taldeak, eta Unai Emeryren taldea egin da baloiaren jabe. Gero eta jabetza luzeagoak egiten hasi da 30. minututik aurrera, eta Alaves ez da atzetik ateratzen: aurkariak presioa egiten ziolako baloia galdu berritan, edota baloia erraz galtzen zutelako jokalariek erabaki txarrak hartzeagatik. Aukerak sortzen hasi da kanpoko taldea, eta Pachecok azaldu behar izan du berdinketa galarazteko. Lehen zatiaren akaberan lortu du Alavesek zulotik ateratzea, pare bat kontraerasotan.

Berdinketari, erantzuna

Bigarren zatiaren hasiera garrantzitsua zen etxekoentzat, jakina baitzen Vila-real indartsu aterako zela berdinketaren bila. Eutsi beharra zeukan Alavesek, eta aurkaria goian estutzera atera da, zuloan ez sartzeko. Baina 50. minutuan, erasoan galdu behar ez zen baloia galduta, aukera eman dio Vila-reali areara gerturatzeko, eta Gerard Moreno-Alcacer bikoak bat egin du; gola Alcacerrek. Berriz azaldu da aurrelaria, baina Pacheco bikain aritu da.

Lucas Perez kendu du Callejak, zelai-erdia indartzeko Pere Ponsekin, eta berdindu egin da partida minutuak aurrera joan ahala. Etxekoen aukerak geldikako jokaldietan iritsi dira, baina erremate parea ez da atera joan. Bai, ordea, Edgarren zartako bikaina 80. minutuan, Joseluren erdiraketa baliatuz eskuin hegaletik. Garaipenaren gola izan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.