ACB ligako hiru euskal taldeek norgehiagoka aproposak dituzte euren bidea zuzentzeko erronkan. Lagun Aro da hiruretan aurrena jokatuko duena, baita partida zailena duena ere. Madrilen jokatuko du eguerdian (12:30, ETB 1), Estudiantesen aurka. Menorcaren aurka zazpi porroteko boladari bukaera eman ondotik, zortzi onenengana hurbiltzeko asmoa dute gipuzkoarrek. Asmoa, oraingoz, lantegi zaila dutelako. Zortzigarrena hiru garaipenera dagoelako eta Lasoren taldeak ez duelako konfiantza handi-handirik ematen.
Estudiantes, aldiz, bikain ari da. Azken bost partidetatik lau irabazi ditu, eta 9-11 balantzearekin, bi pausora du zortzi onenen langa. Hutsune garrantzitsua izango du Estudiantesek gaur, German Gabriel pibotak belauneko alboko lotailua hautsi baitzuen asteartean, Eurokopa txapelketan. Lagun Arori dagokionez, arazo fisikoak dituzte Salgadok eta Mirallesek, baina kantxaratzeko moduan daude. Lehen itzulian 75-59 irabazi zuen etxean Lagun Arok, eta irabaziz gero, bi postu hobetuko lituzke sailkapenean.
Gaur arratsaldean jokatuko dute Bizkaia Bilbo Basketek eta Baskoniak. Bizkaitarrek Valladolid hartuko dute Miribillan, sailkapenean hirugarren postuan dagoen taldea (18:00, Teledeporte). Aurkari zuzena da, eta aukera ona da Gaztelakoek duten bi garaipenen aldea murrizteko. Bi taldeen arteko puntu aldea ere garrantzitsua izango da. Joan den urteko urriaren 24an Valladoliden jokatutako partidan, 68-60 nagusitu zen Fisacen taldea, eta alde hori gainditzekotan, Bilbokoek koska bakarrera edukiko lukete gaurko aurkaria.
Bi taldeek hamar eguneko atsedena izan dute Kopako final-laurdenetako kanporaketa galdu ostean, eta ikusteko dago horrek onura edo kaltea eragin dien. Itxuraz, hobeto hartu du kolpea Valladolidek, ez zuelako irabazteko aukerarik izan Valentziaren aurka. Bilbo Basket, berriz, finalerdiak jokatzear izan zen, baina azken unean galdu zuen. Kostas Vasileiadisen erakustaldiak maizago ikusi zain joango dira Bilboko zaleak Miribillara, baina Valladolid talde zaila da, eta greziarraren ekarpena ez da nahikoa izango partida irabazteko. Marko Banicek hobera egin du bere orpoko lesioan, lan saioetan taldekideak baino lasaiago aritu delako, baina bete-betean egoteko denbora gehiago behar duela onartu du.
Granadaren historia beltza
Ordu berean jokatuko du Baskoniak Buesa Arenan, eta itxuraz, gasteiztarrena izango da partida erosoena hiru euskal taldeen artean. Granada dator bisitan, ligako sailkapeneko azkena, eta partida hasi aurretik garaipena ia ezinezko duela sinetsita dago. Sailkapeneko zuloan dagoelako ez, Gasteizen daukan historia beltzagatik baizik. Izan ere, 11 aldiz jokatu du Granadak Buesa Arenan, eta partida guztiak galdu ditu. Granadak ia ezinezko du mailari eustea, hainbat jokalarik taldea utzi dutelako eta beste batzuek lesio larriak izan dituztelako. Gainera, sos kontuetan ere komeria franko dituzte, eta zulo beltzari bukaerarik ikusten ez diotela ari dira, zabuka.
Bide zuzena bilatzeko lehiak
Estudiantes-Lagun Aro, Bilbo Basket-Valladolid eta Baskonia-Granada partidak jokatuko dira gaur ACB ligan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu