Bide zuzenari berrekiteko aukera ona

Bizkaiak ezustean galdu zuen Kanaria Handian, baina buelta eman eta gora begira hasi nahi du Bartzelonaren aurka

Andoni Urbistondo.
2012ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Kosta egin zaio Gescrap Bizkaiari Kanaria Handiko kolpeari buelta ematea. Denboraldi-aurre txukuna egin zuten, eta, behingoz, uharte hartan garaipena lortzeko aukera zutela sinesten zuten. Ez zen posible izan, aurkariak ere jokatzen duelako. Bolada 0-9koa da, dagoeneko, baina Katsikarisek ez dio sobera erreparatu estatistika txar horri: «Jaurtiketetan gaizki aritu ginelako galdu genuen. Jaurtiketa errazak, normalean sartzen diren horietakoak, ez ziren sartu». Sartuko ote dituzte iluntzean? Bartzelona ahaltsua dator bisitan. Ahaltsua, gaur egungo Bartzelonak ez baitu iraganean ematen zuen beldurrik ematen.

Denboraldi-aurrean partiden %50 bakarrik irabazi zuen. Superkopan ere hankapean ibili zuen Real Madrilek finaleko minutu askotan, eta ligako lehen jardunaldian, Valladoliden aurka galdu zuen bere etxean; ACB ligan aurrekonturik txikiena duen taldearen aurka. Zergatik dago, bada, hain berde Bartzelona? Eraso jokoko erreferentzia falta duelako: Juan Carlos Navarro. Oinzolako faszitisak jota aspaldi, egutegiak ez dio atseden hartzen uzten, eta fisikoki ere maldan behera hasi da, lehiaketako karga handiari buelta eman ezinik. Bilbora etorri, etorriko da, baina ezin jakin jokatuko duen. Jokatzekotan ere, ikusteko dago bere sasoi puntu onenean egongo den.

Saskipean ere aldaketa franko egin ditu Bartzelonak. Ante Tomic eta Nathan Jawai iritsi dira Bartzelonara, baina Fran Vazquez, Boni N'Dong eta Kosta Perovicek utzi dute taldea. Jawaik sekulako indarra du, baina saskipean bakarrik da eraginkorra, eta Tomic ere hotza da izaeraz, une erabakigarrietan batez ere. Erazem Lorbeki diru zakua eman diote, eta merezita, ACB ligako jokalari onenetakoa baita.

Jasikeviciusen fitxaketa

Sarunas Jasikevicius ere fitxatu du. Ez zuen Superkopa jokatu, ezta joan den jardunaldian ere, eta ikusteko dago bere laguntza zenbaterainokoa izango den. Erretiroa hartzear izan zen joan den sasoian, baina bere selekzioarekin, Lituaniarekin, bikain aritu zen Olinpiar Jokoetan, eta jokatzen jarraitzea erabaki du. Abrines eskolta gaztea ere fitxatu dute, Navarroren ordezkoa izan litekeela pentsatzen baitute.

Zerk egin du kale Bartzelonan? Huertasen nekeak, Mickealen gorabeherek, bi pibot berrien egokitzapen epeak... Bartzelonari irabazteko une aproposen bat baldin badago, gaur iluntzekoa da. Kataluniarrek makina ondo koipetu gabe dute, eta Bizkaiak etxean jokatzen du. Ligako lehen partida galdu ostean, gainera. Kanaria Handiko mina aitaren batean ahaztuko da Bartzelona handia garaitzen badute.

Katsikarisek garbi dauka bidea: «Erregulartasun apur bat lortzen saiatu behar dugu erasoan, konfiantza gehixeago lortzen. Kanaria Handian defentsan nahiko ondo aritu ginela uste dut, baina erasoan ez. Jaurtiketa batzuk asmatzen baditugu, Bartzelonari eta edozeini aurre egiteko gai gara». Saskibaloi partida Athletic-Osasuna derbiaren ordu berean jokatuko da, baina entrenatzaile greziarrak Miribillako harmailak beteak egotea espero du: «Taldeak merezi du, zaleen berotasuna sentitu nahi dugu, eta etorriko dira, ziur nago».

GESCRAP B.-BARTZELONA

Txaelketa. ACB ligako 2. jardunaldia.

Gescrap Bizkaia. Zisis, Raul Lopez, Pilepic, Roger Grimau, Vasileiadis, Sergio Sanchez, Moerman, Mumbru, Hervelle, Rakovic, Lamont Hamilton eta Samb.

Bartzelona. Huertas, Jasikevicius, Sada, Navarro, Abrines, Ingles, Mickeal, Rabaseda, Todorovic, Erazem Lorbek, Jawai eta Tomic.

Sailkapena. 11. postuan dago Gescrap Bizkaia: 0-1 (-6), eta koska bat beherago, 12. Bartzelona: 0-1 (-7).

Tokia. Bizkaia Arena (8.600 ikusle).

Ordua. 18:00 (Teledeporte).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.