Futbola

Bide zuzenera itzuli da Reala

Jokoari dagokionez, goitik behera nagusitu zaio Reala Betisi, eta Velak egin du azkenean merezitako gola. Sailkapen nagusian hamar puntu dituzte txuri-urdinek.

jon eskudero
2016ko irailaren 30a
22:53
Entzun

Patata ateratzeko jorratu egin behar izaten da lehenbizi. Akaso, baratza kontuetan ez dute gehiegi ere jakingo Realeko jokalariek, baina jakin badakite lana dela fruituak jasotzeko biderik onena. Esan eta esan ari ziren aspaldian, etorriko zirela emaitza onak. Eta bai, ez zuten arrazoi faltarik. Lana, pazientzia eta joko gustagarriaren ondorio, garaipen garrantzitsua lortu dute Anoetan, Betisen aurka. Jokoari dagokionez, goitik behera nagusitu dira zitxuri-urdinak, baina bazen beldurra gol ezak ukatuko ote zizkien hiru puntuak. Ez da hala izan. Oiartzabalen pase eder bati amaiera hobea eman dio Velak 63. minutuan eta, hala, hamar punturekin da sailkapenean Eusebioren taldea. Egonkor, beraz.

Entrenatzaileak berak esana zuen aurrez, Las Palmasen aurkako distira berari eutsita, zaleei garaipena eskaintzea zutela helburu. Ondorioz, logikari eutsiz, orduko hasierako hamaikako bera zelairatu du. Halabeharrak eraginda, aldaketa bakarrarekin: Zaldua aritu da Carlos Martinezen ordez. Partidak hasiera hotza izan du, berdindua, baina minutuek aurrera egin ahala nagusitzen hasi da etxeko taldea. Jokoaren ekimena eraman du, protagonista izan da baloiarekin, eta 19. minutuan izan du lehen gola aukera Willian Josek. Haren burukada Adanek geratu du.

Bere horretan jarraitu du Realak. Xabi Prietok gertu izan du gol eder bat 28. minutuan, baita ere geroago Willian Josek berak, baina ez dute asmatu. Hainbat mehatxu egin dituzte Betisen area barruan Realeko jokalariek, baina aparteko sustorik eman ezinda aritu dira. Gainera, kontraerasoan pare bat abisu eman dituzte bisitariek. Velak zelai erdian birritan galdutako baloien erruz, Rullik luzimendua atera behar izan du. Ongi aritu da atezaina. Sendo.

Etenaldira, lasaiago

Bigarren zatiak lehengo lepotik izan du burua. Jokoan nagusi zen Reala. Erabat, gainera. Ekin eta ekin aritu da aurkariaren area barruan, baina zorteak ez dio gehiegi lagundu. Azken pasean ez dira finegi ere aritu txuri-urdinak. Berriro ere ia betiko mamuak agertuko ote ziren beldur ziren harmailetan bildutako jarraitzaile gehienak. Izan ere, joko ona egin arren, emaitza ez baitzuten lagun. Husnakoak ez zien askorako balio. Ordea, taldeko bi magoak agertu dira 63. minutuan. Eskuin hegalean Oiartzabalek baloia hartu, bigarren zutoinera erdiratu eta han agertu da Vela. Bere burua lurrera botata, gol ona egin du. Lasaitasunaren gola. Gerora ere aukerak izan dituzte 2-0ekoa egiteko, baina alferrik.

Garaipenaren ondoren, txalo artean agurtu dute zaleek Reala. Eta garbi dago erregulartasuna lortuz gero zeresana eman dezakeela taldeak. Etenaren ondoren, San Mamesen ekingo dio berriz ligari Eusebioren taldeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.