Athleticek Vicente Calderon futbol zelaian jokatuko du gaur. Eta Espainiako Kopako finala ere jokatuko du han bi hilabete eskas barru. Baina gaurkoak ez dauka zerikusirik maiatzean aurkituko duenarekin. Lehenengo eta behin, gaurko norgehiagoka ligakoa delako, eta ez Kopakoa. Bestalde, aurkaria Atletico Madril delako, eta ez Bartzelona. Eta, azkenik, gaur harmailak beteko dituzten zale ia guztiak kontra izango dituelako. Kopako finalean harmailen zati handi bat ere zuri-gorria izango da, baina Bilboko zuri-gorria.
Kopak, oraingoz, itxaron egin beharko du. Aurrez beste erronka garrantzitsu batzuk ditu Bielsaren taldeak. Eta, ildo horretan, gaurko neurketa mugarri garrantzitsua izan daiteke, sasoi amaierara begira lehentasunak zehazte aldera. Athleticek hiru lehiaketatan jarraitzen du bizirik. Esan gabe doa Kopako finala lehiatu egingo duela. Europako Ligan ere zortzi onenen artean dago, eta orain ez da azeleragailutik hanka altxatzeko unea.
Kanporaketa bidez erabakitzen diren lehiaketetan edozein talderi aurre egiteko gai dela erakutsi du azken denboraldiotan talde zuri-gorriak. Baina liga ere hor dago. Amaitzeko 11 jardunaldi falta direla, lau puntura dago Txapeldunen Ligarako txartela. 33 puntu jokoan egonda, badauka helburua lortzeko aukera. Baina lehia handia da, eta dena lortzeko asmo horretan ezer gabe geratzeko arriskua ere badago.
Atletico Madrilen kontrako partida mugarria izan daiteke lehoientzat. Bidegurutzea hartu beharko du. Norabide batek Txapeldunen Liga adierazten du. Bide erakargarriena da, baina, era berean, nekezena. Oztopo gehien duena. Ahalegin handiena eskatzen duena. Bada, bide hori hartzeko, irabazi egin beharko du Madrilen. Bestela, indarrak alferrik galtzeko arriskua egongo litzateke arrakasta lortzeko aukera gutxi emango lukeen bidea hartuta.
Ligan buru-belarri ari diren talde asko izango lituzke aurretik Athleticek, eta haietako askorekin golen aldea galduta edukiko luke. Egoera horretan, gaitza litzateke atzetik aurrera egin eta sari nagusia lortzea. Beraz, gaurkoan emaitza txarra lortuz gero, ez zen harritzekoa izango bide erosoagoa hartzea, hau da, mailari eusteko behar diren puntuak lehenbailehen eskuratu eta orain arteko aukera gutxi izan duten jokalariei gehiago merezi dutela erakusteko aukera ematea. Bide batez, beste bi lehiaketetarako freskoago egongo lirateke taldean pisu gehien daukaten futbolariak. Ezin baita ahaztu Athleticek bermatuta daukala datorren urtean Europako Ligan aritzea. Bosgarren eta seigarren postuek ez dute interesik zuri-gorrientzat.
Llorente, etxean
Baina Bielsa ezagututa, batek jakin. Gainera, baliteke gaur irabazi eta borrokan bete-betean sartzea. Atletico Madril gora dator, Simeonek biziberrituta, baina Mallorcak erakutsi du ez dela garaiezina. Hamaikakoari dagokionez, ohiko biren hutsuneak bete beharko ditu entrenatzaileak. Iraolaren lekua De Marcosek hartuko du eskuin hegalean, eta Llorenterena Toquerok. Amorebieta ere hasieratik ariko da, neurketa bateko zigorra bete ostean.
Bidegurutzera iritsi da
Txapeldunen Ligarako borrokan jarraitzeko aukera dauka gaur Athleticek Vicente Calderonen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu