Bideratutakoa erabakitzera

Athleticek Slaven Koprivnicaren zelaian jokatuko du gaur, eta nahikoa du joaneko partidan lortutako 3-1eko emaitzari eusteaLlorenteren auziak alarma gorria piztu du Bilbon, badirudi-eta ez duela taldean segituko

Bideratutakoa erabakitzera.
jon eskudero
2012ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Iazko denboraldian ereindako hazia usteltzen hasirik dago Athleticen. Polita izan zen guztia, itsusten hasirik. Ekaitzaren ondoren barealdia omen; bada, zuri-gorrien artean ekaitza da nagusi, nahiz tenperatura beroa izan. Lehenik Marcelo Bielsak harrotu zituen hautsak, Lezamako lanak zirela eta ez zirela. Kontua isildu zen, baina ez konpondu. Javi Martinezen egoerak ere zalaparta sortu zuen. Horiek nahikoa ez, eta orain Fernando Llorenteren inguruan piztu da alarma gorria. Badirudi errioxarrak nahiago duela etorkizuna Bilbotik at ziurtatu, eta horrek haserrea eragin du Atheticeko jarraitzaileen artean. Kontratua berritzeko, 4,5 milioi euro eskaintzen dizkio klubak; hark milioi bat euro gehiago eskatzen du.

Orain dela bi urte zera aitortu zuen aurrelariak, ametsa zela beretzat noizbait Ingalaterran jokatu ahal izatea. Inoiz baino gertuago du ametsa betetzea. Manchester Unitedek, Manchester Cityk eta Tottenhamek gustura hartuko lukete. Gainera, Txapeldunen Liga jokatu nahi du Llorentek, eta hori, oraingoz, ezinezkoa da Athleticen elastikoa jantzita. Italiako Juventusen izena ere agertu da azken egunotan. Talde andana du atzetik lehoien erregeak, eta ez dirudi gogo handirik duenik Bilbon jarraitzeko.

Irailaren 1ean itxiko da fitxaketen merkatua. Llorentek 2013ko ekainaren amaierara arte dauka lan hitzarmena Athleticekin. Beraz, beste sasoi batez jarrai dezake San Mamesen jokatzen. Kontua da taldeari ez zaiola komeni hainbeste itxarotea, bestela arriskua duelako jokalariaren truk dirurik ez jasotzeko. Eta hori gehiegi arriskatzea litzateke. Beraz, Ibaiganeko bulegoetan izango dute nahiko lan Josu Urrutiak eta enparauek. Athleticeko zaleak, behintzat, ez daude gustura errioxarraren jarrerarekin, txistuak ere entzun baitzituen.

Kulebroi horren guztiaren artean, talde zuri-gorriak Europako Ligako atarikoaren itzulerakoa jokatuko du gaur, Slaven Koprivnicaren zelaian. Pentsamendua zelai barrura begira jartzea tokatzen da, ez baita samurra izango kanporaketa igarotzea. Joanekoan, 3-1 nagusitu ziren bilbotarrak San Mamesen. Aldea polita da, baina ez erabakigarria. Slaveneko jokalariak gogoz eta ilusioz gainezka daude gaurko norgehiagokarako, eta kosk egitera zelairatuko dira. Asteburuan Kroaziako lidergoa galdu dute, gehienbat gaurko neurketa zutelako begiz jota. Ezustea eman nahiko dute. Bada, hori eragoztea izango da zuri-gorrien zeregina, eta, noski, joan den astean bideratutakoa erabakitzea.

Horretarako, joan den asteko hamaikako beraren aldeko apustua egingo du Bielsak, soilik aldaketa bat eginda: Ekizak beteko du Ramalhoren lekua. Llorente aulkian geratuko da, baita Muniain ere. Olinpiar Jokoetatik etorri berritan, deialdian da nafarra. Dena den, ez dirudi jokatuko duenik. Beti bezala, Iraizozek babestuko du atea. Atzeko lerroa Iraolak, Ekizak, Gurpegik eta Iñigo Perezek osatuko dute. Erdian, Iturraspe, De Marcos eta Ibai Gomez ariko dira, eta aurrean, Susaeta, Ismael Lopez eta Toquero. Joan den denboraldiko hamaikako zirraragarriarekin konparatuz gero, izar asko falta dira, eta distira apur bat ere bai.

Javi Martinez gaur hasiko da lanean, Lezaman. Ander Herrera pubalgia batekin dago, eta Aurtenetxe, Amorebieta eta Aritz Aduriz ere min hartuta daude. Dena den, Athleticen badago kalitatea leku horiek betetzeko. Ismael Lopez izan zen joaneko protagonista nagusia, bi gol eginda, eta gaur ildo beretik jarraitu nahiko du. Toquerok, berriz, lehiakortasuna eta nortasuna emango dio taldeari. Atzean sendo egon eta golik ez jasotzea garrantzitsua izango da.

Bielsa: «Muniain ongi dago»

Helburu hori lortzeko defentsan aldaketa bat egingo duela azaldu zuen Bielsak atzo, Zagreben emaniko prentsaurrekoan: «Aurreko astean ez bezala, garbi daukat hamaikakoa, eta Ekizak beteko du Ramalhoren lekua. Beste denak joan den asteko berberak izango dira». Muniainek eta Llorentek ez dutela hasieratik jokatuko jakinarazi zuen. Hori bai, nafarra ongi ikusten du argentinarrak: «Maila politean entrenatu da, eta ez dago nekatuta. Muniain eta Ander Herrera ongi daude. Herrerak ez zeukan arazorik bihar jokatzeko, baina atsedena eman diot». Llorenteren kulebroiaren harira, berriz, adierazi zuen nahiago duela ez hitz egin, ezer ofizialik jakin arte.

Bestalde, atzo, Fernando Amorebietak esan zuen «izugarrizko gogoa» daukala taldekideekin lanean hasteko: «Entrenatzen ikusi, eta inbidia sentitzen dut. Laster osatu eta itzultzea espero dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.