Bidorretaren aroaren osteko lehena, presiorik gabekoa

San Petersburgoko Spartaken kantxan amaituko du ligaxka Bilbo Basketek, gaur, lidergoa lotuta daukala

Andoni Urbistondo.
2010eko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Bilbo Basketek ez dauka damutzeko edo hausnartzeko tarte handirik. Valladolidetik igande goizaldean bueltatu zen taldea, burumakur, baina atzo goizean San Petersburgo hirirainoko bidaia luzeari ekin zion hegazkinez. Eurocup txapelketako ligatxoko azken partida jokatuko dute Errusian, Spartaken aurka. Bizkaitarrek, zorionez, ez dute emaitza on bat lortzeko presiorik. Bere multzoko lidergoa ondo lotuta daukate, gaur gertatzen dena gertatuta ere, baina taldeak garaipena lortzen saiatu nahi du, animoz-eta lur jota daudelako.

Txus Bidorretaren aroaren osteko lehen norgehiagoka izango da, eta Rafa Pueyo, orain arte Indautxuko entrenatzailearen laguntzailea izandakoak gidatuko du taldea. Bai gaur, baita Granadan ere (Espainia), Gorka Arrinda taldeko akziodun nagusiak esandakoaren arabera. Ikusteko dago zein izango den jokalarien erreakzioa. Batzuk Bidorretaren lagun minak dira, haren aginduetara aritzen diren jokalariak izateaz gain. Javi Salgado, adibidez. Mumbru eta Guardia ere Bidorretaren eskutik etorri ziren Bilbora. Profesionalak diren heinean, pentsatzekoa da neurri ona emango dutela, nahiz eta jokalariek badakiten Bidorretaren dimisioaren erantzuleak direla.

San Petersburgoko Spartakek asko dauka jokoan: Top16rako sailkatzea, hain zuzen ere. Errusiarrek nahikoa dute euren partida irabaztea, Turk Telekomek baino garaipen bat gehiago baitute. Turk Telekomek Charleroin jokatuko du Spirouren aurka, eta pentsatzekoa da garaipena lortuko duela. Joanekoan Bilbon jokatutako norgehiagokan, aise nagusitu ziren bizkaitarrak: 85-62. Banic eta Vazquez izan ziren onenak. Hemezortzi puntu saskiratu zituen kroaziarrak, hamabost balearrak.



SPARTAK-BILBO BASKET

Spartak San Petersburgo. Paxutin, Zavoruev, Zozulin, Judin, Fields, Kolesnikov, White, Rakovic. Mextxakaru, Sharrod Ford, Deuxkin eta Suton.

Bilbo Basket. Salgado, Blums, Rodriguez, Seibutis, Vazquez, Warren, Conley, Mumbru, Markota, Banic, Guardia eta Hervelle.

Sailkapena. Spartak E multzoko bigarrena da: 3-2; Bilbo Basket liderra da: 5-0.

Lekua. Jubileini kirol pabiloia (7.012 ikusle).

Ordua. 19:30 (ETB1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.