Belgika eta Errusia. Aurrez aurre Maracana handian. Lehen zatian erakutsi dute zertara moldatzen diren ondoen: kontraerasoan. Baina Belgikari egokitu zaio edo berak hartu du jokoaren ekimena, Aljeriaren aurka egin zuen bezala. Eta jokalari oso onak dituen arren, ez da oso ondo moldatzen zeregin horretan. Lehen egunetik, Dembele eta Chadli aulkian, eta Fellaini eta Mertens 11koan. Baina jokoan, bi egunetan, antzeko komeriak. Arazoak sortzeko.
Errusia. Capello aulkian izanda, ezusterik ez: atzean sartu eta kontraerasoa aiztotzat, aurkaria zulatzeko. Eroso horretan, baina gabezia honetan: kontraerasoa amaitu ez duen bakoitzeko, erasotik defentsarako trantsizioan makal. Lehen zatian bai behintzat. Aukera bakarrak area ertzeko jaurtiketak; zerbait hobea falta azken metroetan, eta bi onenak horretan (Dzagoev azkeneko pasea ematen eta Kerzhakov errematzailea), aulkian.
Belgikak ere ez du askoz aukera garbiagorik sortu. Erasoan zuloak izan dituenetan ondo moldatu da baloia ezker hegaletik eskuinera eramaten, eta Mertensek izan ditu aukerak jokaldiak bukatu dituena baino hobeto bukatzeko. Nahiz eta erraz utzi duen atzean buruz burukoan Errusiako ezker hegaleko atzelaria: Kombarov.
Sormeneko arazoak Belgikan. Lukaku aurrelaria, punta-puntako jokalaria marrazkian, asko jaitsi da zelai-erdikoekin lotura osatzera, baina taldeak sakontasuna galdu du: De Bruyne, Hazard eta Mertens Lukakuren maila berean, altuera berean. Haustea falta zaio taldeari, bertikalak izatea. Gabezia bera erakutsi zuen Aljeriaren aurka.
Bigarren zatian, Belgikak aldatu egin du jokatzeko era. Atzean sartu da, baloia Errusiari eman dio, eta kontraerasoan atera nahi. Errusia beste egoera batean orduan: jokoa sortu egin behar. Batzuetan presaka (talde bertikala izateagatik ziurrenik), besteetan asmatu ezinda, ezin jokoa ondo lotu. Gauza bat egin du ondo tarte batean: baloia galdu ahala, presioa egin du goian, eta Belgika atzean sartu du. Errusiaren unea izan da, baliatu beharrekoa. Baina zerbait falta azkeneko metroetan. Aulkian zituen Capellok oraindik Dzagoev eta Kerzhakov.
Ikusten zen non hautsiko zen berdinketa haustekotan: kontraerasoren batean. Nork asmatu izango zen gakoa, eta Belgikak asmatu du. Hazardek. Bereak eta bi egiten hasi da ezker hegalean, espazioa eta lekua zuela baliatuz, eta halako batean, partidaren amaierako lau bat minutu falta zirenean, Origik ederki eman dio amaiera Hazarden beste jokaldi zoragarri bati. Gola eta hiru puntu. Eta final-zortzirenetan Belgika, hamabi urte geroago.
Asko eskatzen zaio Belgikari. Emaitzaren aldetik, bete-betean asmatu du: sei puntu bi partidetan. Eta jokoan? Gehiago eman dezakeela ematen du. Kosta egiten zaio jokoaren ekimena eraman eta aurkaria zulatzea. Aurkariek badakite hori. Beste eredu baten alde egingo ote du Wimolts entrenatzaileak? Kontraerasoa akaso? Gaur hori bilatu du, eta ondo atera zaio. Errusiak ere gauza bera nahi zuen, baina ez zaio atera.