Bielsa: «Bai nik, bai jokalariek kanporaketari buelta emateko ilusioa dugu»

Athleticeko entrenatzaileak aitortu du taldea goitik behera aldatu dela atsedenalditik bueltan

Erredakzioa
Bilbo
2012ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Lokomotiven aurkako kanporaketari aurre egin aurretik zuen ilusio berari eusten dio Marcelo Bielsak, joanekoan galdu arren. «Bai nik, bai jokalariek kanporaketari buelta emateko ilusioa dugu. Kanporaketa bi partidara jokatzen da, eta kontra dugun aldea gol batekoa da. Ez dugu baikor ez egoteko arrazoirik. Kanporaketari buelta ematen saiatuko gara. Aurkariak irabazi du gaur [atzo], baina mendekua hartzeko aukera dugu», esan zuen neurketa amaituta.

Athleticeko entrenatzaile argentinarrak aitortu zuen taldea «goitik behera» aldatu zela atsedenalditik bueltan. «Egia esan behar badut, lehen zatia amaitu zenean oso baikor nintzen bigarren zatiari begira, ondo ari ginelako. Baina bigarren zatiaren hasieran baloi asko galtzen hasi ginen jokaldiak abian jartzerakoan, eta horrela oso zaila da jokoa sortzea».

Hotzaren eraginik ez

Bielsak argi utzi zuen beherakada ez zela izan hotzaren edo belai artifizialean jokatzearen eraginez. «Azken partidetan kostatzen ari zaigu baloia ez galtzea jokaldia lantzerakoan. Ondo defenditzeko baloia aurkariaren atetik gertu galdu behar da, edo gutxienez zelai erditik aurrera».

«Oldarkortasuna eta eraginkortasuna». Horixe falta izan zitzaion talde zuri-gorriari lehen zatian, entrenatzailearen arabera. Halere, «itxaropentsu» da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.