athletic

Bielsak dio Urrutiarekin duen "hartu-emana aldatu" egingo dela

Taldea entrenatzen "orain arte bezala" segituko duela jakinarazi du. Lezamako lanak direla-eta eztabaida handia sortu da Bielsaren eta zuzendaritzaren artean.

2012ko uztailaren 9a
17:51
Entzun

Lezamako lanak direla-eta ika-mika sortu ondoren, Marcelo Bielsa Athleticeko entrenatzaileak jakinarazi du taldean segituko duela, "orain arte bezala", baina adierazi du Josu Urrutia presidentearekin daukan "hartu-emana aldatu" egingo dela. Facebook-eko bere orrian ohar bat jarri du Bielsak gaur.

"Zuzendaritzak atera zuen agiria aztertu eta eztabaidatu dut zuzendaritzako kide denekin, eta onartzen dut niri autoritatea kentzea, baina ez nik egia esan ez nuela esatea", dio Bielsak. "Nik esandako guztia froga dezaket". 

"Lezamako lanak gaizki egiten ari dira, eta nahita dabiltza oker", esan zuen entrenatzaileak ostegunean, besteren artean, eta ostiralean zuzendaritzak agiri bat atera zuen, harekin ados ez dagoela esateko. "Athletic ez dator bat, inondik inora, lanen bilakaera, lanen kontratuaren betetze maila eta eraikitze proiektuan diharduten pertsonen profesionaltasunari buruz Marcelo Bielsak atzoko prentsaurrekoan adierazi zuen iritzi pertsonal eta subjektiboarekin".

Bielsak gaurko oharrean berriro adierazi du Athleticeko lehen taldeak Lezaman denboraldi-aurrea egiteko baldintza egokiak ez dauzkala oraindik, eta hori lanetako enpresaren ardura dela. Haren arabera, ordea, zuzendaritzak enpresari erantzukizunik ez dio leporatu.

"Instituzioarekin hartu nuen konpromisoari eutsi egiten diot" idatziz bukatu du oharra entrenatzaileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.