Bielsaren itzalpean etorri da Berizzo

Urtebeterako sinatu du, ez dago kontratua luzatzeko klausularik eta ez du fitxaketarik ekarri espresuki

Eduardo Berizzo, iragan sasoian, artean Sevillako entrenatzailea zela. JULIO MUñOZ / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko maiatzaren 31
07:24
Entzun

Eduardo Berizzoren (Cruz Alta, Argentina, 1969) aurkezpena zen, baina Marcelo Bielsarena izan zitekeen. Athleticek urtebeterako fitxatu du teknikari argentinarra, eta hala klubak nola teknikariak San Mamesen eman dituzte akordioa sinatzera eraman dituzte arrazoiak. Josu Urrutia taldeko presidenteak nabarmendu du Marcelo Bielsa eta Ernesto Valverderekin izandako hainbat solasaldietan atera zela Berizzoren izena, eta gomendioei segika hasi zela haren lana jarraitzen. Era berean euren entrenatzaile profilarekin bat datorrela nabarmendu du: «Partidak irabazteko anbizioa du, eta egunero pixka bat hobea izateko gogoz esnatzen da. Era berean taldearen baloreak ondo ezagutzen ditu».
Berizzok urte baterako kontratua sinatu du, eta ez dago hura alde bakarretik luzatzeko klausularik. Hurrengo urtean hauteskundeak dira Athleticen, eta Urrutiak jarraitzen ez badu ez luke Berizzo taldeari lotuta utzi nahi. Entrenatzaileak, bere aldetik, ez du fitxaketa konkreturik eskatu, eta ez du izen jakinik aipatu nahi izan «operazio horiek ez garestitzeko».

Athelticera etorri aurretik Berizzok Bielsaren aholkua eskatu zuen, eta hark gomendatu egin zion. Berizzo Bielsaren jokalari eta bigarren entrenatzaile izan zen, eta ez du ezkutatu haren jakinduriarekin «bali eginda» datorrela, eta haren jokoa gogorarazi nahiko lukeela, baina hura baino entrenatzaile kaskarragoa dela. Athleticera ekarri duten arrazoiak taldearen «arima» eta «filosofiaren zati» izateko gogoa dira. Ez du Kuko Zigandaren lana epaitu nahi izan, baina iragan sasoiko maila ikusita, taldeak «erreakzioa» behar duela esan du: «Zaleak sentitzen du ez zela izan denboraldirik onena». Azkenik apurka euskara ikasten ahaleginduko dela esan du, «gutxienez galderak ulertzeko».

Entrenatzaile argentinarra bere lantaldearekin ariko da Bilbon. Ernesto Marcuccik, Pablo Fernandezek, Carlos Kislukek, Mariano Uglessichek eta Roberto Bonanok osatzen dute teknikarien zerrenda. Alavesen aritutakoa da azken hori; lau urtez izan zen babazorroen atezain, harik eta 2008an erretiroa hartu zuen arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.