Athleticek aro berri bat hasi zuen joan den uztailean. Joaquin Caparros aulkitik kendu, eta Marcelo Bielsa jarri zuten Athletic zuzentzen. Entrenatzaile bat kendu eta beste bat jartzea baino askoz aldaketa sakonagoa izan zen. Futbola ulertzeko era bat utzi, eta beste baten aldeko apustua izan zen. Hilabete gutxian ikusi ahal izan da itxuraldaketa. Egungo Athleticek ez dauka zerikusirik duela bost edo sei hilabetekoarekin. Pentsa, beharbada 113 urteko historian lehen aldiz txalotuko zuten Athleticen jokoa Sevillako zaleek herenegun Sanchez Pizjuanen.
«Ez dut sekula ahaztuko», esan zuen Oscar de Marcosek (Guardia, Araba, 1989) neurketa amaitu zenean. Ez berak, ez beste inork. Baina Sevillaren etxean eskuratutako garaipena eta sartu zuen gola ez dira izango gogoan dituen gauza bakarrak. Gauza horiek baino askoz ere garrantzitsuagoa baita sasoi honetan bere kirol ibilbidean eman duen aurrerapausoa. Bielsari zor dio bere estatus berria. Entrenatzaile argentinarrak Bilbon lurreratu aurretik ez baitzegoen argi jokalari arabarra Lehen Mailarako baliagarria zen ala ez. Azken hiru hilabeteotan erakutsi duenaren arabera, esan beharko da baiezkoa dela erantzuna.
Une gozoa ari da bizitzen De Marcos. Ez da lehen aldia, ordea. Caparrosek beste jokalari batzuen aldeko apustua egin aurretik bere dohainen berri emateko konfiantza eskaini baitzion. Athleticen jokatu zuen lehen denboraldian izan zen, 2009-2010eko sasoian, hain zuzen ere. De Marcos etorkizuneko apustu moduan fitxatu zuten Athleticeko agintariek. Bigarren taldeko fitxarekin. Baina gutxi ikusi zuten Bigarren B Mailako zelaietan. Neurketa bakarra jokatu baitzuen Athletic B-rekin. Agerraldia indartsua egin zuen onenen artean. Bi hegaletan zein aurrelariaren atzetik joka zezakeen futbolari gisa fitxatu zuten. Oso itxura ona eman zuen bere lehen norgehiagoketan. Jokalari ausarta, azkarra eta golak sartzen dituzten horietakoa zirudien. Horri eskerrak 20 urtez azpiko Munduko Kopa jokatzeko aukera eskaini zioten, Espainiako selekzioarekin. Esperientzia ahaztezina edozein jokalarirentzat. Aprobetxatu beharreko aukera.
Baina erabaki horrek gauzak zaildu egin zizkion Athleticen. Tren bat hartzeko, beste bat utzi behar izan zuen. Eta itzuli zenean ez zuen lekurik aurkitu tren zuri-gorrian. Ordutik ia denboraldi eta erdi egon da nabarmendu barik. Eta, gurutze bide horretan, bi berezitasun izan ditu De Marcosen ibilbideak. Batetik, eguneroko lana. Jokatzeko aukerarik izan ez arren, ikasteko eta hobetzeko gogoz jarraitu du. «Ondoen entrenatzen den futbolaria da», esan zuen behin taldekide batek harengatik. Baina jakinekoa da lan saioetan ondo aritzen diren futbolari guztiek ez dutela gero partida ofizialetan maila bera erakusten. Ez zen hori izan Arabako Errioxako jokalariaren arazoa. De Marcosi ez baitzioten eman bere balioa erakusteko aukerarik. Hori gutxi ez, eta jokalariari grazia handirik egin ez zion erabaki bat hartu zuen Caparrosek. Erasoko jokalaria izateari uzteko eskatu zion, eta defentsa lanak ikasten jarri zuen. Iraolaren ordezko gisa ikusten zuen zuri-gorrien aurreko entrenatzaileak.
De Marcosek gogo txarrez hartu zuen erabaki hark sekulako onura ekarri diola esan daiteke. Orain, jokalari osoagoa da. Postu gehiagotan joka dezakeen futbolaria. Eta horrek lekua bermatzen dio Bielsaren taldean. Eskuin hegalean ez bada, ezkerrean aritzen da, eta zelai erdian bestela, baina beti izan du toki bat hasierako hamaikakoan. Denboraldiaren lehen herena jokatu aurretik dagoeneko gainditu egin du aurreko sasoian jokatu zituen partiden kopurua —hamasei jokatu ditu jada denboraldi honetan, eta hamabost jokatu zituen joan den sasoian—. Bielsaren kutunetako bat da. Dena ari da jokatzen. Postu askotan jokatzeko gaitasunak erraztu egiten dio aukeratuen artean egoteko bidea.
Baina jokatzeko, zerbait dago erakutsi beharra. De Marcosen jokotik hiru ezaugarri nabarmendu daitezke. Gehien ikusten dena da lanerako duen gaitasuna. Fisikoki dohatsua da. Horrek etengabe gora eta behera aritzeko aukera ematen dio. Eta zelai guztian mugitzeko duen erraztasuna ere kontuan hartzen du Athleticeko entrenatzaileak. Talde zuri-gorriak egiten duen joko alairako aproposa da mugikortasuna duten futbolarien ekarpena. Eta, azkenik, gol sena aipatu behar da. Ez da De Marcosen dohain nagusia, baina dagoeneko gol bi sartu ditu sasoi honetan. Azkena, herenegun sartutakoa, Sanchez Pizjuanen garaipena eskuratzeko baliatu zuen Athleticek. «Ate aurrean ez naiz fin aritu. Aukerak izan ditut, baina ez dut asmatu. Poz handia hartu dut gola sartu dudanean», aitortu zuen.
Athleticen jokoaren pisua izarren esku dago: Fernando Llorentek, Iker Muniainek, Ander Herrerak eta Javi Martinezek egiten dutenaren arabera egongo da taldea gorago edo beherago sailkapenean. Baina duda barik taldeko peoien artean De Marcos da pisu gehien duenetako bat. Caparrosentzat Gaizka Toquero zena da Bielsarentzat arabarra.
Bielsaren 'lehendakaria'
Oscar de Marcos da Athleticen itxuraldaketaren adibideetako bat: lehen ez zuen jokatzen, eta ordezkaezina da orainEntrenatzaileak gustuko ditu arabarraren polibalentzia eta lanerako prestutasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu