Iraupena. 1.22.11.
Pilotakadak. 636.
Saketik. Olaizola II.ak, 2 (eta falta bat); Bengoetxea VI.ak, bakar bat ere ez.
Markagailua. 0-5, 2-5, 2-6, 3-6, 3-7, 4-7, 4-9, 5-9, 5-11, 6-11, 6-13, 12-13, 12-16, 14-16, 14-18, 15-18, 15-19, 17-19, 17-21, 19-21 eta 19-22.
Bestelakoak. Ia goraino bete zen Zallako Mimetiz pilotalekua. Dirua nabarmen Olaizola II.aren eta Beginoren alde.
Bost partida falta dira oraindik Binakako Txapelketako lehen ligaxka amaitzeko, baina Olaizola II.a eta Begino finalerdietan daudela esan daiteke jada, eta baita, oker handirik ezean, Berasaluze VIII.a eta Apraiz bertan izango direla ere. Bide erdia besterik ez dute egin oraindik atzoko galtzaileek. Hiru partida irabazi eta hiru galduta, hirugarren eta laugarren posturako lehian sartuta daude. Baina, jokoz eta indarrez, finalerdietan egon beharko lukete. Apraizek dinamita daukalako eskuin esku horretan, eta partidak jokatu ahala dezente hazten ari delako. Eta Berasaluze VIII.a artista delako aurreko koadro horietan. Atzo ere hamar tanto dotore egin zituen, eta partidari itzali antzean ekin bazion ere, erdi aldera esnatu zenean lanak eman zizkien bai Aimar Olaizolari eta baita Aritz Beginori ere. Pilotari ezberdina da.
Galtzaileen kronika baikorra da hori; galtzeari atera beharreko baikortasuna biltzen du kronika txiki horrek. Egiari zor, behar baino pilota gehiago galdu zituzten galtzaileek lehen erdian, Apraizek bereziki, baina bikote sendoa osatzen dute. Tanto aldea ere +10ekoa daukate oraingoz, eta alor hori ere garrantzitsua izan daiteke datozen asteei begira. Gonzalez eta Laskurain, adibidez, partida bat gutxiago irabazita daude, eta tanto aldea ere okerragoa daukate (-1). Titin III.ak eta Pascualek, berriz, partida bat gutxiago irabazita, -21eko balantzea daukate.
Galtzaileen kontuak dira horiek, Olaizola II.ari eta Beginori buruz esan beharreko guztia esanda dagoelako. Aurrelaria geroz eta seguruago ari da, konfiantza handiarekin, eta atzo ere partida polita jokatu zuen. Begino, berriz, larri ibili zen azken lauzpabost tantoetan, lehertuta, erdi lesionatuta, baina puntuan dagoenean beldurgarria da. Atzo ere pilotakada bat baino gehiago bidali zuen errebote ingurura. 0-5, 5-11, 6-13... Bazirudien erraz antzekoa izango zela partida, baina Berasaluze VIII.aren piztualdiarekin esnatu ziren galtzaileak: 12-13. 14-16, 17-19... estua izan zen partida amaiera, baina Olaizola II.a eta Begino geldituko dituenik ez dago.
Berasaluze VIII.a-Apraiz 19. Olaizola II.a-Begino 22
Bientzat dago lekua finalerdietan
Olaizola II.a eta Begino finalerdien atarian daude, dena irabazita, baina galtzaileek ere merezi dute txartela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu