Europako kluben arteko lehiaketa nagusia izanik, jakina zen kontrario gogorra egokituko zitzaiola Super Amara Bera Berari atarikoan. Eta halaxe izan da. SG BBM Bietigheim Alemaniako talde ahaltsuaren aurka jokatuko du atarikoko finalerdietan. Poloniako eta Italiako txapeldunak ere ariko dira atarikoan: MKS Perla Lublinek eta Jomi Salernok jokatuko dute beste finalerdia. Irailaren 7tik 9ra jokatuko da atarikoa, eta Europako Federazioak Bera Berari antolatzeko aukera eman dion arren, zaila dirudi Donostian jokatzea, azpiegitura faltagatik.
Bietigheimek Alemaniako liga indartsua irabazi zuen iaz lehen aldiz, eta sasoi honetan gertu izan du berriro hori lortzea. Baina atarian geratu da. Bigarren sailkatu da, Thueringerren atzetik. Beste horrenbeste pasatu zaio Alemaniako Kopan, finala galdu baitu Oldenburgen aurka. Europako lehiaketan, berriz, lehen aldiz aritu da Txapeldunen Ligan, eta bigarren ligaxkaraino iritsi da. Duela urtebete lan hobea egin zuen, EHF kopako txapeldunorde izan baitzen. Rostov Don Errusiako taldeak gainditu zuen finalean.
Atarikoaren irabazlea bakarrik sailkatuko da Txapeldunen Ligako lehen ligaxkarako. Sailkatu ezean, Europan lehiatzen segituko du Bera Berak: EHF kopan, hain zuzen ere. Atarikoak baldintzatu egingo du neurri batean parte hartze hori. Atariko horretan partida bat irabaziz gero, azaroan hasiko litzateke lehiatzen, eta kanporaketa batera izango luke EHF kopako ligaxka. Partidarik irabaziko ez balu, ordea, urrian ekingo lioke, eta bi kanporaketa irabazi beharko lituzke ligaxkan egoteko.
Donostiako taldeak bigarrenez jokatuko du Txapeldunen Ligako atarikoa. Duela bi urte, Donostian jokatu zuen, eta galdu egin zuen finalerdietan, Hypo Niederoesterreich Austriako txapeldunaren aurka (25-21). Hirugarren eta laugarren posturako lehian, berriz, 28-20 irabazi zion Bielorrusiako Gomeli. Aurten ere Europako Eskubaloi Federazioak (EHF) aukera eman dio Bera Berari atarikoa antolatzeko, baina zaila dirudi berriro horren ardura hartzea. Tati Garmendia kirol zuzendariak baztertu egin zuen aukera hori duela gutxi. «Oraingo honetan aukera hori baztertu egin dugu. Ez zen batere erraza izan antolatzea. Donostiako hotelak gainezka daude sasoi horretan, eta, gainera, bat egiten du Kontxako Banderarekin".