Txirrindularitza. 2011ko Frantziako Tourra

Bigarren ahaleginean, bai

Jelle Vanendert nagusitu da Plateau de Beilleko gainean, eta faborito guztiak elkarrekin helmugaratu dira

jon eskudero
Donostia
2011ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Errebantxa kutsuko garaipena lortu zuen atzo Jelle Vanendertek (Omega Pharma-Lotto) Frantziako Tourreko hamalaugarren etapan, Plate de Beilleko gainean. Errebantxa kutsukoa, eta meritu handikoa. Izan ere, helmugarako sei kilometro falta zirenean, oilarren tropeltxoan erasoa jo eta bakarrik helmugaratu zen flandiarra, txapeldun handien gisan. Eta errebantxa, zergatik? Ez da zaila asmatzen. Luz Ardidenen bereak eta bi egin zituen etapa irabazteko, baina Samuel Sanchezek (Euskaltel-Euskadi) ez zion horretarako aukerarik eman. Atzo ez, atzo ez zuen barkatu. Atzetik zuen asturiarra, baina hortzak estutu eta bakarrik altxa zituen bi besoak helmugan, pozaren pozez. Sanchez 21 segundora iritsi zen, eta 48ra gainontzeko faboritoak.

Inoiz baino beteago dago faboritoen zakua. Indarrak oso orekatuta daude, eta errespetu handia diete elkarri. Frank eta Andy Schleck anaiak (Leopard) saiatu ziren Plateau de Beillen, baina ez zuten esperotako fruiturik jaso, gazteenak azken metroetan bi segundo urratu zituen arren. Alberto Contador (Saxo Bank) aurreko egunetan baino hobeto aritu zen, baina ez zuen erasorik jo, eta hori ez da seinale ona. Ivan Bassok (Liquigas) etapa ona egin zuen, eta baita Cadel Evansek (BMC) ere. Biak ala biak podiumerako lehian bete-betean sarturik daude. Sanchezen lana ere bikaina, ihes egin eta bigarren iritsi baitzen. Baina harritzekoaThomas Voeckler (Europcar) liderraren jarrera eta sasoia izan zen.

Bazirudien Pirineoetatik elastiko horia jantzita irtetea ezinezkoa izango zuela. Berak ere hala uste zuen. Baina ez. Erne Voecklerrekin. Itzulia irabazteko faboritoen tropelean izan ziren erritmo aldaketa gehienei hark erantzun zien, eta ez edonola. Schlecktar gazteena saiatu zen gehienbat, baina liderra atzean uztea lortu gabe. Irabazleari eta Sanchezi bakarrik utzi zien ihes egiten, eta hein handi batean ulertzekoa da, sailkapen nagusian urrunxamar dituelako. Egia da erritmo aldaketak ez zirela luzeak izan, 100 metrokoak gehienez ere, baina liderrak ez zuen gehiagorako aukera askorik ere eman. Benetan oso indartsu dago, eta espero ez bazen ere, podiumerako lehian bizi-bizirik. Egiari zor, Pierre Rolland taldekideak ere laguntza bikaina eman dio egunotan.

Luz Ardidenen ez bezala, schlectarrak helmugatik urrun saiatu ziren faboritoen tropeltxoa hausten, baina alferrik. Oso erritmo aldaketa motzak egin zituzten, eta hala ez da erraza tarteak irekitzen. Bukaeran jo zuen erasorik gogorrena Andy Schlecek, eta bi segundoko aldea atera zien gainontzekoei. Pedal kolpe onarekin igaro zuen helmugako marra luxenburgotarrak, eta galdera zera da: hain indartsu bazegoen, zergatik ez zuen lehenago jo erasoa? Voecklerrek alde handia dauka oraindik sailkapen nagusian, eta faboritoek ez dute erraza izango Alpeetan alde hori jaten.

Euskal herritarren lana ere goraipatzekoa izan zen. Eguneko ihesaldian sartu ziren Euskaltel-Euskadiko Ruben Perez eta Gorka Eizagirre, eta momentu batzuetan buruan bakarrik ere ibili ziren. Xabier Zandio (Sky) iruindarra ere ihesean saiatu zen, baina azken mendateari ekiterako irentsi zuen tropelak. Gaur 192,5 kilometroko ibilbidea izango dute, eta ziurrenik esprintean amaituko da. Beraz, faboritoek atseden hartu ahal izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.