Bigarren atala

Marcelo Bielsak urtebeterako berritu du kontratua Athleticekin, baina hainbat eskaera egin dizkio zuzendaritzariTaldea hobetuko duten jokalariak fitxatu nahi ditu, eta Lezaman aldaketak egin

Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2012ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Zirrarak bigarren atala izango du. Marcelo Bielsak herenegun jakinarazi zuen bederatzi eguneko hausnarketa epearen ondorioa: Athleticen jarraituko du. Bilboko taldeak eta entrenatzaileak urtebetez berritu dute kontratua. Hala ere, ez da baldintzarik gabekoa, teknikariak hainbat eskaera egin baitizkio zuzendaritzari: taldea hobetuko duten jokalariak fitxatzea eta aldaketak egitea harrobi lanean eta Lezamako kirol azpiegituretan.

Bielsak zoriona itzuli zien athleticzaleei herenegun. Espainiako Kopako finala galdu ondoren, astebete eskatu zuen erantzuna pentsatzeko, eta, azkenean, bederatzi egun behar izan zituen. Albistea, baina, ez zen ustekabekoa izan. Iragan aste erdi aldera, jakinarazi zuten bi urtez luzatu zuela Euskal Herrian lan egiteko baimena eta azken egunetan bilera bat baino gehiago izan zuela taldeko zuzendaritzarekin.

Bielsak ez du egin jendaurreko agerpenik, ezta zuzendaritzak ere, baina Argentinako entrenatzailearen ingurukoek lan ona egin dute zabaltzeko zein eskaera egin dituen taldean jarraitzeko. Lehenbizi, jokalari berri onak eskatu ditu taldea indartzeko. Lezaman eragin handiagoa izateko ere eskatu du, eta kirol azpiegiturak hobetzeko. Harrobia gertuagotik zaindu nahi du Bielsak, eta bere lan sistema zorrotza hedatu. Era berean, esan du Lezamako kirol eremuan bizi nahi duela —sasoi honetan Getxoko hotel batean bizi izan da—,Txileko selekzioko buru zenean bezala. Tartan pista bat ere eskatu omen du Lezaman.

Entrenatzaileak kolpe gogorra hartu zuen bi finalak galdu zituenean, eta zuzendaritzak lan ona egin du Bielsa konbentzitzen. Josu Urrutiaren lan ildoaren ikurra da teknikaria, eta baiezkoa bultzakada bat da jokalari ohi horren kudeaketarentzat. Bielsa gaur bertan da oporretara joatekoa, eta ametsaren bigarren atala uztailean hasiko da, edo, agian, ekainaren amaieran. Izan ere, Athleticek oso goiz ekingo dio sasoiari, Europako Ligako lehen atarikoa abuztuaren 2an eta 9an jokatuko baita, eta bigarrena, 23an eta 30ean. Prestaketa lanetan laguntzeko, teknikari boskote bera izango du: Luis Bonini, Claudio Vivas, Pablo Quiroga, Diego Reyes eta Lucas Marco.

Merkatuari begira

Albisteak martxan jarri du bulego lana, eta badirudi mugimendu asko izango dela udan. Lehenbizi, alde batera utzitakoen etorkizuna bideratu behar da, eta, hor, argi dirudi David Lopez Bilbotik joango dela. Erdilariak urtebeterako kontratua du, baina entrenatzaileak ez du konfiantzarik harengan. Gutxi jokatu du, eta bi finaletan deialditik kanpo gelditu zen.

Fitxaketen arloan, gutizien izenak ezagunak dira: Beñat, Aduriz, Mikel Rico... Agian, iritsiko da baten bat, baina utzitakoen egoera ere konpondu behar da. Zerrenda horretan, Balenziagak du itzultzeko aukera gehien, ezker hegalekoak 36 partida jokatu baititu Valladoliden. Diaz de Zeriok ere aukera izan dezake, zortzi gol sartu baititu Numanciarekin jokaturiko 24 partidetan. Besteei dagokienez, zail dute Bilbora itzultzea. Orbaizek ez du distira handirik izan Olimpiakosen, Ustaritzek gutxi jokatu du Betisen, eta ustekabeko handia litzateke Athleticek 450.000 euro ordaintzea Urko Vera ekartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.