txirriNDULARITZA

Bigarren atseden eguna gaur Tourrean, Contador dela nagusi

Bihar eta etzi berriro mendiko etapak izango dituzte, ostegunean 40,5 kilometroko erlojupekoa, larunbatean Mont Ventoux. Igandean bukatuko da itzulia. "Uste nuena baino alde handiagoa dut", esan du liderrak.

2009ko uztailaren 20a
16:58
Entzun
Alberto Contador da dagoeneko Frantziako Tourrean nagusi -2007an berak eskuratu zuen, iaz ezin izan zuen atera-, atzo etapa irabazi eta lidergoa lortu ostean. Erakustaldia eman zuen azkeneko mendatean, Verbier lehen mailakoan: bost kilometro falta zirela egin zuen ihes, eta bakarrik iritsi zen helmugara.

Gaur Tourreko bigarren atseden eguna dute. Bihar eta etzi berriro mendiko etapak izango dituzte, eta ostegunean 40,5 kilometroko erlojupekoa. Larunbatean, Mont Ventoux maila bereziko mendian bukatuko da. Igandean amaituko da itzulia, Parisen. Falta diren etapak, hemen.

"Uste nuena baino alde handiagoa dut", esan du Contadorrek gaur, prentsaurrekoan. Andy Shleck da, haren ustez, bere aurkari nagusia, baina Bradley Wiggins ere izan du hizpide -erlojupekoa baino lehen azken honi dion aldea handitu beharra duela uste du-.

Tourreko etapa guztiak gogorrak izan arren, etzikoa nabarmendu du eta, "egun txarra" badu, denak bera "erasotzeko prest" egongo direla adierazi du.

Lance Armstrong taldekidearen babes guztia duela iritzi dio Contadorrek. Astanan bi lider edukitzearen egoerari aurre egiteko, "taldearen profesionaltasunean" sinesten du. Hala ere, Armstrong atzo bere atzean geratu zenez, "egoera asko argitu" eta "polemika txikiagoa" dela dio.

Sailkapen nagusia

1. Alberto Contador (Astana) 63.17.56

2. Lance Armstrong (Astana) 1.37ra

3. Bradley Wiggins (Garmin) 1.46ra

4. Andreas Kloden (Astana) 2.17ra

5. Andy Schleck (Saxo Bank) 2.26ra

6. Rinaldo Nocentini (Ag2r) 2.30era

7. Vicenzo Nibali (Liquigas) 2.51era

8. Tony Martin (Columbia) 3.07ra

9. Christophe Le Mevel (Francaise des Jeux) 3.09ra

10. Frank Schleck (Saxo Bank) 3.25era

11. Carlos Sastre (Cervelo) 3.52ra

14. Cadel Evans (Silence Lotto) 4.27ra

19. Mikel Astarloza (Euskaltel-Euskadi) 5.37ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.