Bigarren bihurgunea, betikoa

Betisen zelaian irabazitako partida izan zen sasoiko lehen mugarria Realarentzat. Bigarrenaren bila dabil azken asteetan, gorakada ematea ahalbidetuko diona. Derbia abiapuntu izatea nahi du.

Donostia
2012ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Philippe Montanierren plangintzak beste aldapa gogor bati egin beharko dio aurre bihar, San Mamesen, zein fasetan dagoen frogatzeko balioko duena. Portaera heldua bezain hauskorra erakutsi du orain arteko ahaleginean Realak, gorabeheren morroi: Sanchez Pizjuanen, Madrigalen eta Mestallan alderik lehiakorrena erakutsi zuen. Romaredan, Vallecasen eta Los Carmenesen, ordea, desegin egin zen, iraunkortasunaren kaltetan. Txapelketaren bidean beti azaltzen dira taldeen bilakaera zehazten duten bihurguneak. Realaren kasuan, Benito Villamarinekoa izan zen lehena, boladarik gaiztoena atzean utzi eta burua altxatzeko ezinbestekoa. Txuri-urdinak ez dira zelairatuko sailkapenak itota Bilbon, orduan bezala, baina beheko postuetatik behin betiko aldentzeko aukera izango dute. Derbiak ez direlako neurketa arruntak, irabazi eta galtzearen arteko diferentzia nabarmena baita. Realaren atal garrantzitsuenetan arakatuz gero, erabateko garrantzia izan zuten San Mamesen lorturiko garaipenek helbururik mamitsuenak lortzean. Garaipen bereziak dira.

1973-1974 denboraldia. Europarako txartela besapean

Laugarren postuan sailkatu zen Reala 1973-1974 denboraldiaren amaieran, behetik gora indarrez bultza egin ondoren. Rafa Iriondoren begiradapean —Alberto Ormaetxea dagoeneko laguntzaile moduan zebilen—, hamahirugarren postuan zeharkatu zuten ligaren lehen erdia. Bigarrena hasi eta gutxira jokatu zen derbia Katedralean; 1-2 izan zen emaitza. Athletic indartsuago ari zen. eta Milorad Pavic entrenatzaile serbiarrak entrenatutako taldeak Bartzelona liderra ehizatzea zuen helburu, bigarren baitzen sailkapenean. Horregatik izan zen garaipen dotorea txuri-urdinentzat. Fernando Ansola elgoibartarrak sartutako bi golek benetako kemena eman zien hurrengo hilabeteetarako: zortzi garaipen eta hiru berdinketa lortu zituzten azken hamalau neurketetan. Europan lehen aldiz jokatzea izan zen horren saria. Klubaren azpiegiturak sendotzeko lanean antzematen hasia zen Jose Luis Orbegozo presidentearen eskua, eta horrek kirol hazkundea ekarri zuen, 1980ko hamarkada hasieran gailurra jotzeko. Inaxio Kortabarria eta Jesus Mari Satrustegi lehen taldean ziren jada, eta aurki azalduko ziren Luis Miguel Arkonada, Jesus Mari Zamora, Roberto Lopez Ufarte, Santi Idigoras eta enparauen urrezko belaunaldia.

1980-1981 denboraldia. Hitzak sobera

30. jardunaldian iritsi zen Reala San Mamesera. Ormaetxearenak bigarrenak ziren Atletico Madril liderrarengandik lau puntura (bi garaipenera); Bartzelonarekin berdinduta zeuden, eta Real Madril puntu bakarrera zegoen kokatuta. Berehala hasiko dira zuriekin sesioan, orpoz orpo lehian, txapelketaren bila. Satrustegiren bi golak (0-2) ezinbestekoak izan ziren lehen liga titulua eskuratzeko. Sevilla, Murtzia eta Espanyol garaitu zituzten segidan, Bilbokoaren ondotik, eta, hala, sailkapenaren tontorrean zelairatu ziren Molinonen. Berriz ere, derbia patrikan sartzeak sekulako bultzada eman zien txuri-urdinei.

1987-1988 denboraldia. Toshacken lehena Ligan

John Toshacken hirugarren ahalegina ez zen nahi moduan hasi. Aurreko sasoian Realak Espainiako Kopa irabazi zuen Atletico Madrili Romaredan irabazi eta gero. Itxaropen handiak zituzten jarriak zaleek talde haren ahalmenean, baina lehen lau partidetan puntu bakarra baino ez zuen lortu. Osasunaren aurkako berdinketa tristea Atotxan. Zazpigarren astean joan ziren San Mamesera, eta orduan uxatu zituzten zalantza guztiak. Lorenzo Juarros Loren-ek bi alditan, Jose Mari Bakero eta Aitor Begiristain Txiki-ren golei esker inoizko emaitzarik oparoena atera zuen Realak. Ondorengo hamalau jardunalditan 11 garaipen eta bi berdinketa eskuratu zituen. Bolada harrigarria. Ligako eta Kopako txapeldunorde izan zen urte hartan: Bartzelonaren aurka galdu zuen Kopako finalean, eta Real Madrilek irabazi zuen Liga. Bernabeukoko 0-4 ahaztezina ere orduan izan zen, Kopako finalerdietako itzuliko partidan.

2000-2001 denboraldia. Azken irria

Duela hamar urte irabazi zuten txuri-urdinek azkeneko aldiz San Mamesen. Edgaras Jankauskas, Javi de Pedro eta Iñigo Idiakezen golek ezerezean utzi zuten Ismael Urzaizek sartutakoa. Garaipen horri esker, mailari eusteko urrats erabakigarria egin zuen Realak. Oraingo bi taldeetako jokalarie dagokienez, Mikel Aranburu eta Joseba Llorente soilik zeuden futbol profesionalaren saltsan sartuta. Aurki azalduko ziren Igor Gabilondo eta Andoni Iraola. Harrezkero jokatutako zazpi neurketek kolore zuri-gorria izan dute erabat, berdinketa bat urratzeko gai baino ez dira izan eta txuri-urdinak. Aspaldi luzeko denboraldirik malapartatuenean gainera: bana amaitu zen 2006-2007 sasoiko lehen partida, jaitsieraren hastapenetan.

Montanierrek azken asteetako pentsamoldeari eusten badio, Iñigo Martinez, Liassine Cadamuro, Markel Bergara, Imanol Agirretxe eta Ruben Pardok aurrenekoz jokatuko dute derbi bat San Mamesen. Helburua zaharra da, ordea, dotoretasun handiko garaipena lortzea jauzia emateko. Badira inoiz aldatuko ez direnak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.