Bigarren eta azken aukera

Alonso, Michael Schumacher eta Raikkonen dira Malaysian podiuma osatzeko hautagai nagusiak

Laurentzi Garmendia
2006ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Duela bi aste Bahreinen titulua irabazteko bi gidari nabarmendu ziren guztien gainetik: Fernando Alonso eta Michael Schumacher. Puntuei erreparatuta, Kimi Raikkonen ere multzo horretan ate joka dago, eta Jenson Button atzeraxeago. Besteek txapela jantzi nahi badute, duela astebete baino maila hobea eman beharko dute. Iazkoarekin alderatuta, badute zerbait alde, entrenamenduetan ez baita aurreko lasterketako sailkapena kontuan izango.

Ezustekorik ezean, Alonso, Schumacher eta Raikkonen aterako dira aurreneko bi lerroetan biharko lasterketan. Autoarekin arazorik izan ezean hori baita hiru gidarion abiaduraren tokia. Lehen lasterketan garbi erakutsi zuten elkarrengandik gertu daudela, pistan hori frogatuz. Baina ezin da ahaztu lasterketa hau bigarrena dela motorrentzat, eta oraindik heldutasuna lortzeke duten diseinuak direla. Horrek esan nahi du lasterketa amaieran larri ibiliko dela bat baino gehiago.Aukeratuen hirukoteak etxeko lanak ondo egin zituen lehen lasterketan, eta Malaysian badute alde txiki bat. Baina beste batzuentzat Malaysia bigarren eta kasik azken aukera da titulurako lehian sartu nahi dutela frogatzeko. Izen horiek erraz eman daitezke: Button, Giancarlo Fisichella, Rubens Barrichello, Juan Pablo Montoya eta Felipe Massa.Guztiek ahul ekin zioten sasoiari, eta berriro halako erakustaldi batek mesede gutxi egingo lieke. Bakoitzaren kasuan arrazoi bat bila badaiteke ere, titulurako lehiak ez du barkamenik.

Beroa da kezka nagusia

Oso une zailean iritsi da Malaysiako lasterketa, batez ere autoentzat. Atzo 35 graduko tenperatura izan zen, eta hori baino gehiago espero daiteke entrenamenduetan nahiz lasterketan. Gidariek lasterketa aurretik ohi baino arreta gehiago eskaintzen diote hidratazioari. Buttonek, adibidez, bost litro ur edango omen ditu. Izan ere, kopuru hori bera gal dezakete likidotan lasterketak irauten duen bitartean.

Kontuan izan behar da 1 Formula talde gehienak Europako zirkuituetan aritu direla negu osoan probak egiten, eta tenperaturek nekez gainditu dituztela 20 graduak. Bat-batean Malaysiako beroarekin topo egingo dute, motorraren arazo iturri nagusi dena. Talde gehienek ez dute motorra giro horretan probatu, nahiz eta erradiadoreen aire sarrerak estalita antzeko egoera irudikatu duten. Horr i gehitzen bazaio motorrak bigarren lasterketan direla, autoren bat edo beste kea dariola ikusteak ez luke inor harritu behar.Iaz Alonsok irabazi zuen Malaysian, Trulliren eta Heidfelden aurretik, oso lasterketa erosoan. Schumacher zazpigarren izan zen, eta Raikkonen bederatzigarren. Alemaniarrak aurreratu du bihar eguna irribarretsu amaituko duen bihozkada duela. Lasterketa anima dezaketenak Williamseko gidariak izan daitezke ( Mark Webber eta Nico Rosberg) Bahreinen baino ausartago jokatuko dutela aurreratu baitute. Adi lehen bihurguneari, aleroiren batek txikituta amaituko baitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.