Euskal Herriko Itzulia

Bigarren etapa irabazi du Alex Aranburuk, eraso ausart bat jota

Garaipen handia lortu du Astanako txirrindulariak Sestaon, helmugarako hamar kilometro falta zirela erasoa jota.

Alex Aranburu, Sestaoko helmugan. FOKU
enaut agirrebengoa
2021eko apirilaren 6a
17:47
Entzun

Handia egin du Alex Aranburuk (Astana) Euskal Herriko Itzuliko bigarren etapan garaipena lortuta. Helmugatik hamar kilometrora eraso ausarta jo, eta Sestaora bidean tinko eutsita. Oilarren eraso festa izan da La Asturiana mendatean, eta, gailurra igaro ostean, onenen multzoan sartu da Aranburu. Haren taldekide Omar Fraile ere bai, eta hura mugitu da lehen-lehen. Ezin izan du biderik egin, eta, berehala, Aranburuk jo du erasoa. Sasi esprinterra izanagatik, ez du bukaerara arte itxaron nahi izan, eta bikain baliatu du atzean kontrolik ez izatea. Euskal txirrindularitzak Itzulian lortu duen 52. garaipena da. Astanaren erakustaldia biribiltzeko, Fraile bigarren helmugaratu da. Etxeko errepideetan lehiatu da gaur santurtziarra.

Hirugarren Tadej Pogacar (UAE) sartu da, La Asturianan gehien saiatu den faboritoa. Hala ere, ezin izan du bidea egin. Areago, gailurrean Primoz Roglic (Jumbo Visma), Maximilian Schachmann (Bora), Brandon McNulty (UAE) eta Sergio Higuita (Education) igaro dira buruan. Roglicek odol hotzez jokatu du, eta ondo kudeatu du egoera. Aranburuk kolokan jarri du haren lidergoa, ia 40 segundoren aldea zabaldu baitu, baina hamabost segundo izan dira helmugan. Hori horrela, bigarren jarri da sailkapenean Aranburu, Roglicengandik bost segundo eskasera. Hirugarren McNulty dago orain, sei segundora.

Zazpi txirrindularik osatu dute Itzuliko lehen ihesaldia: Mikel Iturriak (Euskaltel), Jon Irisarrik (Caja Rural), Quinten Hermansek (Wanty), Martinj Tusveld eta Kevin Vermaerkek (DSM), Ben Gastauerrek (Ag2r) eta Oscar Cabedok (Burgos). Etapa abiatu eta gutxira egin dute ihes tropeletik, eta lau minuturen langa gainditzea lortu. Alabaina, Movistar elkarlanean aritu da Jumbo Vismarekin, eta aldeak behera egin du kilometroen joanean. La Asturianara 30 segundo eskasen errentarekin heldu dira iheslariak, eta berehala irentsi ditu onenen multzoak. Erasoak bata bestearen atzetik izan dira. Horietako bat Ion Izagirrek egin du. Astanaren lehen ahalegina izan da. Ondoren iritsi da Fraileren ahalegina, azken jaitsieren aurreko muinoan. Eta Aranburuk arrakastaz eman dio jarraipena. 

Bihar 167 kilometroko etapa jokatuko dute Amurrio eta Ermualde artean. Lehen Mailako mendate gogorrean egongo da helmuga: lau kilometro baino ez ditu, baina batez besteko pendiza %10ekoa du, %17ko eta %20ko zatiekin. Hortaz, onenak buruz buru ariko dira berriro. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.