Bigarren etxean bisitan

Molinonen beste urrats bat egin eta Europako lehiaketetara iristeko postuetan sartu gura du Athleticek

haritz gallastegi
Bilbo
2010eko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Euskal herritar askok bi etxe izateko zortea du. Bere betiko etxeaz edo lantokiaren inguruan erositakoaz gain, txipa aldatu eta atseden hartzera joateko baliatzen duen bigarren etxea du. Mendia, elurra eta lasaitasuna gustuko duenak alde batera jotzen du. Hondartza eta eguzkia gura duenak, berriz, beste leku bat aukeratzen du. Athletici beste zelai eta kontrario bat aukeratzeko esanez gero, Molinon eta Sporting aukeratuko lituzke. Eta lehen aukera izan ezean, zerrendan aurrenekoen artean egongo litzateke. Estatistikak kontuan hartuta, erraz ulertuko litzateke zuri-gorrien erabakia. Sportingek eta Athleticek Molinonen elkarren kontra jokatu duten neurketetan bilbotarrak dira garaipen gehiago lortu dutenak. Etxean jokatzen duen taldeak baino hiru garaipen gehiago eskuratu du talde bizkaitarrak. 11 aldiz irabazi du Sportingek, eta hiru aldiz gehiagotan Athleticek. Historia alde du Athleticek, eta iragan hurbila ere bai. Izan ere, Molinon jokatu duen azken zortzi aldietan punturen batekin itzuli baita talde zuri-gorria etxera. Hemezortzi urte daramatza Molinonen galdu barik -Sportingek hamarkada bat egin zuen bigarren mailan-.

Bistan da Molinon zelai egokia dela Athleticentzat. Baina estatistikek iraganean gertatutakoaren berri baino ez dute ematen.Baina egungo Athleticekin konfiantza izan daiteke. Ligaren bi heren jokatu ostean, datorren denboraldian Europako lehiaketetan aritzeko txartela eskuratzeko borrokan dagoen talde batek gauza on gehiago egin ditu txarrak baino. Txapelketaren azken txanpan orain arte erakutsi duen jokoari eusteko gai izango den ikustea falta da. Zuri-gorrien denboraldia gainerako taldeena baino hilabete luzeagoa izan da. Gainera, orain arte aparteko presio barik jokatu dute. Mailari eustea da Athletici sasoi hasieran eskatzen zaion gauza bakarra. Beraz, jaitsiera postuetatik urrun ibili diren bitartean lasai aritzeko aukera izan dute. Baina orain beste erronka bat ipini diote euren buruei. Europarako lehiaketetarako txartela eskuratu gura dute. Eta Txapeldunen Ligarakoa eskuratzen bada, askoz hobe. «Jarraitzaileen artean ilusioa mantentzen ahalegindu behar dugu», esan zuen atzo Caparrosek.

Horretarako, talde lehiakorra dela erakutsi beharko du. Sasoia amaitu bitarteko neurketa guztiak izango dira finalak, eta euretako askotan puntuak eskuratu beharko ditu Athleticek. Etxean zein kanpoan. «Europako lehiaketetan jokatu gura badugu, ondo aritu behar dugu etxetik kanpo», esan du Castillok.

Molinonen, gaur, lagun gutxi aurkituko ditu talde bizkaitarrak. Sportingen jarraitzaileak beroak dira. Asko babesten dute euren taldea. Eta, gainera, euskal taldeen aurka jokatzen dutenean motibazio berezia izaten dute. Gertutasunak eraginda, seguruenik. Zaleek ez dute neurketarik irabazten, ordea. Jokalariak eta entrenatzaileak dira zaindu eta aztertu beharrekoak. Eta bai Sportingeko jokalariak eta bai Manuel Preciado entrenatzailea lan ona egiten ari dira denboraldion. Joan den sasoian erasoan erakutsi zuen ausardiarekin jarraitzen dute, baina sasoi honetan talde sendoagoa dira defentsan. Talde orekatuagoa da. Eta horrek aurkari gogorragoa egiten du. «Sporting talde gogorra da etxean. Presioan, joko zuzenean eta aurrelarien indarrean oinarritzen du bere jokoa», esan du Castillok.

Antzeko dohainak dituzte

Sportingen presioari eta joko zuzenari aurre egiteko arma bertsuak erabiliko ditu Athleticek. Armen kalitateak eta arma horiek erabiltzeko moduak erabakiko du norgehiagoka. Bi taldeek erakutsitakoaren arabera, Athleticek aukera gehiago izan behar ditu irabazteko. Zuri-gorrien artean dohain gehiago dituzten futbolariak daude. Beste behin Llorenteren jokoan oinarrituta eskuratu gura du Athleticek garaipena. Aurrelari espainiarrak arazoak izan ditu oinpean eta ez da bete-betean egongo. Ez eta Gaizka Toquero ere. Neurketa guztietan kilometroak eta kilometroak egiten ditu, eta horrek nekea eta arazo fisikoak ekartzen ditu lehenago edo geroago. Hala ere, aste guztia osatzen pasatu ostean, prest dago taldeari laguntzen jarraitzeko. Dena dela, ez da segurua hark parte hartzea, baliteke Susaetak ere izatea Llorenteren ondoan jokatzeko aukera. Carlos Gurpegiren itzulera izango da hamaikakoaren berritasun nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.