Belgikako Poliziak Suburbios Firm talde faxistako 30 bat ultra atxilotu zituen joan den astean Brujas hirian, hango futbol taldearen eta Atletico Madrilen partidaren atarian. Abc egunkariak jakinarazi duenez, Ricardo Guerra da haietako bat. Hamazazpi urteko espetxe zigorra jarri zioten Guerrari Aitor Zabaleta hiltzeagatik, eta hirugarren graduan zegoen, gizarteratze etxe batean. Atxiloketaren ondoren, ordea, bigarren graduan jarri dute berriz, eta gizarteratze zentrotik Alcala de Henares espetxera sartu dute. Espainiako Espetxe Zuzendaritzak azaldu duenez, astebeteko baimena zuen Guerrak, baina ez zuen jakinarazi bidaiatzeko asmorik zuenik, eta beraz, epaileak ez zuen horren berri.
Brujas eta Atletico Madrilen arteko partida hasi baino lehen, Belgikako Poliziak zainduta zeuzkan Guerra eta gainerako kideak, eta haiei nazien agurra egiteagatik atxilotu zituzten, Abc egunkariaren arabera.
Abenduaren 8an bete ziren hogei urte faxista talde batek Aitor Zabaleta hil zuenetik. Madrilen gertatu zen: Vicente Calderon estadioaren kanpoaldean sastakatu zuten realzalea, eta ordu batzuen buruan hil zen, ospitalean.
Zabaletaren anaia Xabierrek eta Izar taldeko Maider Gorostidik uste dute ez zela justiziarik egin. Soilik Guerra zigortu izana aipatu zuen Gorostidik horren erakusgarri, BERRIAk urteurrenaren harira egindako erreportajean: "Nik ez dakit labankada Ricardok eman zuen ala ez, baina, nolanahi ere, Ricardo asko zeuden han. Jende gehiago egon zen inplikatuta, eta aske geratu ziren haiek".