Bigarren mailako tratua

Ruben Belokik finalerdia atzeratzea eskatuko du ziurrenik, gaur, eta EPELek 2. Mailako finala aurreratuko du

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2009ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Bigarren Mailako Txapelketa alde guztietatik begiratuta dago Lehen Mailakoaren azpitik. Ez bakarrik oihartzun mediatikoan edo jaialdien egituraketan, dirudienez tratuan ere beste maila batean dago. EPELek larunbatera aurreratuko du Bigarren Mailako Buruz Buruko finala, Lehen Mailakoaren finalerdia atzeratzeko eskatzen badu Ruben Belokik gaur. Askotan pasatu bezala, zuzenean emateko interesdun partida behar du telebistak, eta batek bestearen hutsa beteko du.

Burlatakoak gaur egingo du azken proba, eta, ustekabe handirik ezean, bi aste barru jokatzea eskatuko du. Hala ere, eta teorian erabakiak datak baldintzatu beharko balitu ere, 2. mailako finalistei, Jokin Argoteri eta Mikel Beroizi, atzo goizean jakinarazi zieten larunbatean jokatuko dutela, Tolosan edo Zarautzen, babesleak Gipuzkoan joka dadin nahi baitu.

Asegarceko medikua oso ezkorra zen atzo, eta ez zuen espero Ruben Beloki larunbaterako sendatzerik. Hatz lodia bihurrituta izatea oinaze handia da, eta, miraririk ezean, Belokik garbi zuen atzeratzeko asmoa. Arautegiak ez du atzerapenik onartzen finalaren aurretik, baina iragan urteko finalerdietan gertatu bezala, atzerapenak hurrengo partidako datari kalterik egiten ez badio, salbuespenak onar daitezke. Arautegiaren zeharkako irakurketa da, baina EPELeko epaileak onartzen badu, eta orain arte inoiz ez du eskakizunik atzera bota, legezkoa da.

Juan Martinez Irujo oso kritiko mintzatu zen herenegun aukera horren inguruan, eta haserre agertu zen finala jokatzeko hilabetez itxaron beharko duelako -litekeena da beste finalerdiko irabazleak atzerapena eskatzea, prestatzeko-. Kaltetu nagusiak, ordea, eta injustuenak, 2. mailakoaren finalistak dira. Jokin Argote eta Mikel Beroiz iragan asteburuan sailkatu ziren, eta astebete baino ez dute izango euren ibilbide laburreko partidarik garrantzitsuena prestatzeko.

Argotek, gainera, ezker eskua apur bat minduta zuela bukatu zuen ostiraleko finalerdietako partida. Enpresak bere esku utzi zuen larunbatean jokatu ahal izatearen aukera, eta meagaskoak proba txikia egin zuen atzo. Bere burua nahiko ondo ikusita baiezkoa eman zion enpresari. Mikel Beroizek ere aurretik onartu zuen eskaintza. Biek gustura asko hartuko lukete beste astebete, edozein finalen aurretik gertatzen den bezala, baina ez dute halako aukerarik izango. Pilotalekua zein izango den gaur erabakiko dute, eta litekeena da pilota aukeraketa bihar egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.