Javier Mandiola 'Manix'. Numantziako entrenatzailea

«Bigarren Mailara behin bakarrik igo izanaren arantza daukat sartuta»

Ia hogeita hamar urte daramatza entrenatzaile lanean. Ez da sekula Lehen Mailara iritsi, eta bi maila beherago egin du lekua: ia 500 partida zuzendu ditu Bigarren B Mailan. Jokalariekin konplizitatea lortzen «abila» dela dio, gauzak «natural» esateagatik.

JUAN CARLOS RUIZ/ FOKU.
Aitor Manterola Garate.
Eibar
2020ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Edozertaz galdetu eta beti erantzuteko prest. Hitz bizikoa da Javier Mandiola, Manix (Eibar, Gipuzkoa, 1958), Numantziako entrenatzailea, eta galdera batekin edo beste batekin hasi, beti ematen du aukera gauza askori buruz hitz egiteko. Larunbatean galdu egin zuela eta, hor aurreneko puntua.

Partida bat galdutakoan, zenbat egun irauten dizu aldarte txarrak?

Asteazkenera arte gaizki egoten naiz. Hor hasten naiz hurrengo partidan pentsatzen, baikor izaten. Norbere burua galtzaile ikustea ez da gozoa. Honela esaten zuen Joxe Mari Arakistainek, Eibarreko entrenatzaile izandakoak: «Zure azken emaitza bezain ona zara». Irabazitakoan, sekulako gorakada, eta galtzean, beherakada. Ez dago erdibiderik, zaila da.

Galdu izanaren arduraren zer zati egozten diozu zeure buruari?

Ardura norberarena da, jakina. Entrenatzaileak agintzen die jokalariei zer egin, nahiz eta gero haiek jokatu. Entrenatzaile izateak ardura hartzea esan nahi du, eta galtzean, jakin egin behar da erantzule sentitzen. Autokritika egiten dut beti; ez du balio besteei errua botatzea. Galtzen deneangehiago ikasten da. Irabazitakoan, dena ondo egin dela pentsatzeko joera izaten da, onena naizela.

Taldearen maila edozein izanda ere, entrenatzaileak beti dauka presioa, ezta?

Bai. Presiorik ez da egongo bigarren talde batean, akaso. Ia 30 urte daramatzat lan honetan, eta gazte mailako taldeetan ere irabazi nahi izaten da. Lehen Mailan izugarria izan behar du presio horrek, bizpahiru partida segidan galdu, eta hurrengo bi partida Bartzelonaren eta Real Madrilen aurka duzula ikusita. Zortez, Bigarren B mailako talde onetan izan naiz entrenatzaile, eta halakoetan, irabazteko aukera handiagoa izaten da.

Eutsiko zenioke presio horri Lehen Mailako entrenatzaile bazina?

Eutsiko nioke, baina beharko da lotsagabe samarra izatea, adibidez. Bigarren Mailara heldu nintzen etxean, Eibarren, eta liga parekatua da. Lehen Mailan koska handiagoa da, eta pentsatzen dut zaila izango dela Eibar bezalako talde batentzat lehen azaldutako egoera bati aurre egitea.

Lehen Mailan oraindik entrenatzaile ez izanaren pena duzu?

Ez, batere ez. Gozatzen ari naiz Bigarren B Mailan. Aurreko sasoian, Atletico Balearesen nengoela, klubaren jabeari esan nion Bigarren Mailara igotzen baginen ez nuela segituko. Igoz gero, presioa dela eta ez dela, entrenatzaile dantza izateko arriskua handiagoa da, eta lasai bizitzeak ere balio du.

Marka da gero: beti entrenatzailea emaitza txarren erantzule bakar.

Hala da. Soriara joan nintzenean negoziatzera, galdetu zidaten zer kobratzen nuen. «Taldeko jokalari onenak hainbeste», erantzun nien. Entrenatzaile merkea nahi zuten, eta hori da futbol mundua ez ezagutzea. Jar dezatela inon ibili gabeko bat diru asko irabazten duten jokalarien arduradun. Herculesek deitu zidan lehenago. Eta zenbat kobratu nahi nuen esan nienean, garestia nintzela erantzun zidaten, zoratuta nengoela. Baina horrelako leku batera joateko, berme batekin joan behar da, bestela segituan galtzen dizutelako errespetua.

Jokalariek lehengo aldean errespetua erraz galtzen diote entrenatzaileari?

Beti egon behar du ergelen batek taldean hogeiko multzoan. Eta ez badago, asmatu egin behar, egur pixka bat emateko norbaiti [barrezka]. Errespetua irabazi egin behar da, eta ez inposatu. Uste dut hori lortzen dudala. Taldeetan zerbait lortzen badut, horixe lortzen dut: jokalarien konplizitatea. Natural hitz egiten diedalako, asko pentsatu gabe. Ondo konpontzen naiz jokalariekin.

Nola gal dezake entrenatzaileak jokalarien errespetua?

Beti errua haiei botaz, autokritikarik egin gabe.

Nola hasi zinen entrenatzaile?

Burgosen jokatzen nuenean, 24 urterekin, aukera eman ziguten entrenatzaile titulua ateratzeko. Gustatu, balio ere bai neurri batean, eta urte pila batean nabil azkenean.

Hala ere, jokatzeari utzi eta berehala ez zinen hasi entrenatzaile.

Ez. Juan Luis Mardaras zena, Eibarreko presidente zela, etorri zitzaidan gazteak entrenatzeko aukera eskaintzen. Esan nion baten bati laguntzen bazen, baietz. Gustatu zitzaidan igandero lehiatzea. Badu zerbait lehiaketak. Kadete mailan hasi nintzen, eta gero, klubeko gainontzeko maila guztietan izan naiz entrenatzaile.

Eibar B-k zure ardurapean maila asko igo zituen urte gutxian, Bigarren B Mailara arte.

Gipuzkoako Bigarren Mailan hasi, eta Hirugarren Mailaraino denboraldiz denboraldi igo ginen. Hor bi sasoi egin, eta BigarrenB-ra igo ginen.

Mailaz gora zindoazen bezala hasi zinen pentsatzen Eibarreko lehen taldeko entrenatzaile izan zintezkeela?

Bai, baina banekien herrian entrenatu baino lehen, kanpoan ibili beharko nuela, eta Beasainen eta Real Unionen izan nintzen. Gero, Eibarrera etorri nintzen 2006an, eta Bigarren Mailara igo nintzen. Mailari eutsi genion segidan. Ondoren, 2010ean itzuli nintzen, taldea Bigarren B Mailan zegoela, eta hiru igoera fase jokatu baina ez ginen igo.

Atletico Balearesen ere igo ezinda ibili zara azken bi denboraldietan.

Hala da, bai. Liga irabazi bi denboraldietan, baina kanporaketetan, kale, aurkariek guk baino gol gehiago sartu gabe.

Zortzitan jokatu duzu Bigarren Mailara igotzeko fasea, eta behin bakarrik igo. Arantza daukazu sartuta?

Bai, bai. Zerbaitetan hobetu beharra daukat igoera gehiago lortzeko. Ea sasoi honetan. Liga irabaziko dugu Numantziarekin, eta ea igotzen garen faseetan. Kezkatuta joango naiz, galtzailea naizelako fase horietan. Etxean ondo moldatzen naiz, baina gero, plazan, kale, harri-jasotzaile batzuk bezala.

Nolako esperientzia da herrian bertan talde nagusiko entrenatzaile izatea?

Gogorra egin zitzaidan egoera batzuetan. Kritikak onartzea gauza bat da, baina espero ez nuen jendea futbol zelaian nire kontra sekulakoak esatea gogorra egin zitzaidan. Gero, kalean hizketan hasi horiekin, eta haiek esaten zidaten normala dela horrela jartzea partidetan. Barkatu: zelaian horrelakoa dena kalean ere bai. Hala ere, eskerrak jende hori ere futbolera joaten den, horien diruarekin bizi dira ni bezalakoak. Onartu egin behar, baina etxekoei onartzea ez. Horregatik ez nion baiezkoa eman klubak jarraitzeko egin zidan eskaintzari. Bestalde, ikusten nuen Eibarren egin beharrekoa eginda nuela. Gero, 2008ko abenduan, Alavesek deitu zidan, eta hara joan nintzen. Gaizki zegoen taldea, eta gaizki kluba. Bakarrik hil zen.

Urte eta erdi lanik gabe egon eta gero, nora eta Tuterara joan zinen, Tudelanora. Beti etxe inguruan ibili, eta pixka bat urrundu zinen orduan.

Bi urte eta erdi onak egin genituen. Igotzeko kanporaketa ere jokatu genuen, eta laranja gehiago ezin zenez zukutu, ez segitzea erabaki nuen. Gero, Burgosera joan nintzen, denboraldia hasita zegoela, baina ez nituen lanak bukatu. Sekulako pertsonaia batekin egin nuen topo: Gonzalo Anton, Alaveseko presidente ohia.Gabonetan azaldu zen, nagusikerian; uste du esklabotza erabiltzea zilegi dela oraindik. Adierazpen batzuk egin nituen haren kontra, beroan, eta etxera. Bakea.

Gero, nora eta Atletico Balearesera. Nolatan?

Talderik gabe nengoen, eta edozein tokitara joateko prest egoten gara halakoetan. Bi urte eta erdi onak izan ziren, baina lehen esandakoa, ezin mailaz igo. Martxoan esan nion nagusiari ez nuela jarraituko. Jabea alemaniar bat da, zale bat, emaitza zalea. Txarrak direnean emaitzak, azkar botako ditu entrenatzaileak.

Orain, berriz, Numantzian, izen handiko talde batean.

Espainian egonda ere, Euskal Herriarekin lotura handia dauka, jokalari eta entrenatzaile asko egon direlako hemengoak. Jende jatorra da. Sorian hemengo moduan bizi dira. Hizkuntza daukagu ezberdina.

Orain, ohikoa da entrenatzaileek laguntzaile asko izatea. Zure kasuan, ez dut uste zalea zarenik.

Aurreko batean, nire bulegoan, bost lagun zeuden bakoitza bere ordenagailuarekin lanean. Laguntzaile armada bat daukat inguruan. Bidali nion argazkia Iñigo Arriola lagunari [laguntzaile izandakoa], eta esan zidan: «Zer ari dira Apolo XIII.aren irteera prestatzen?» [barrezka]. Analisiak, bideoak, denak niretzat. Entrenatzera ateratzen gara, eta jokalariak baino laguntzaile gehiago dauzkat: bi, baloiak jasotzeko, bestea ez dakit zertarako... Gehiegi. Ohituta nago beste modu batera. Prestatzaile fisikoa eta biok unean bertan gauzak prestatutakoak gara, bertsolariak bezala, bat-batean.

Zer iritzi duzu eliteko futbolean xahutzen den diruaz?

Neurriz kanpokoa da. Baina sortu egiten dute diru hori. Cristianok dirutza irabazten du, baina sortu ere bai. Garestia ni nintzen, sortzen ez nuen diru bat ordaintzen zidatelako Bigarren Mailan justu-justu jokatzeko. Niri emandako dirua pikutara botatakoa izan zen. Beste gauza bat da futbola negozio bihurtuta dagoela, Espainiako futbolean atzerriko jabe asko ari direlako azaltzen. Edukiko dute ogasunean abantailaren bat.

Lehertu egingo da telebistaren diruak elikatutako futbola?

Egunen batean, bai, eraikuntzaren burbuila bezala.

Reala doa lider handien futbol horretan.

Nola jokatu, gainera! Edozein tokitara joan, eta irabazi, erraz. Imanolek zerbait ondo egiten du.

Futbola ere harrapatu du COVID-19ak, beste guztia bezala. Nola ari zara bizitzen?

Zeinek esan behar zigun horrelako zerbait pasatuko genuela. Nik pasatu dut COVID-19a, sintomarik gabe. Etor daitezke gaitz gehiago. Mundua dagoen bezala, ez harritu. Beldurra ematen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.