Bigarren mailan jokatuko du hurrengo denboraldian Eibarrek. Hospitalet zen mailaz igotzeko gainditu beharreko azken koska, eta Eibarren lortutako garaipena berretsi zuten atzo armaginek.
Joaneko partidan lanak aurreratuta utzi zituen Eibarrek, 3-0 irabazita. Atzo, berriz, 0-1 nagusitu zitzaion Kataluniako taldeari. Joko aldetik berdintsu ekin zioten partidari bi taldeek, baina pixkanaka nagusituz joan ziren kataluniarrak. Edonola ere, ez zuten golik sartzen, eta, beraz, kanporaketa kontrolpean izan zuen uneoro Eibarrek. Hobeto aritu ziren gipuzkoarrak bigarren zatian, eta 90. minutuan sartu zuen gola Capak.
Lau denboraldiz 2. B mailan izan ondoren itzuliko da Eibar bigarren mailara.