Ezinezkoa izan da. Eibar Bigarren Mailara jaitsi da. Ondo egin ditu etxeko lanak, Kordobari 3-0 irabazita, baina Deportivok 2-2 berdindu du Bartzelonaren zelaian, 2-0 galtzen hasi ondoren, eta Granadak ere 0-0 berdindu du etxean, Atletico Madrilen aurka. Emaitza horiekin, zulora joan dira eibartarrak. Festa handia izan da minutu askoan Ipuruan, baina mutu amaitu dute harmailek. Bigarren itzuli txarra eginda, azken unean ihes egin du mailari eusteko erronkak. Arruabarrenak (6. min.), Raul Navasek (11. min.) eta Capak (32. min.) sartu dituzte etxekoen golak, eta Kordoba ezinean aritu da hortik aurrera.
Athleticek eroso lortu du Europako Ligarako txartela, Vila-reali 4-0 irabazita. Adurizek (bi), Beñatek eta Iraolak sartu dituzte golak, eta usurbildarrak omenaldi goxoa jaso du behin partida amaituta. Realak, berriz, irabazi egin du ligako azken partida, Rayoren zelaian, 2-4. Velak, Chory Castrok, Agirretxek eta Elustondok sartu dituzte txuri-urdinen golak.