Bigarren postua helburu

Miarritzek eta Ospreysek irabazi egin nahi dute, bigarrenak izan eta Europako Challengean aritzeko

Ian Balshaw, baloiarekin, Toulonen aurkako Top14ko partidan. GAIZKA IROZ.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2012ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Joan zen astean Ingalaterran Saracenesen aurka galduta, Miarritzek agur erran zien Heineken kopako final-laurdenei. Emaitza horrekin, lehen postua Londresko taldearentzat izanen da. Azken jardunaldian Benettonen aurka ariko da, eta ez luke arazorik ukan beharko gutxienez beharrezko duen defentsako puntua lortzeko.

Lehen postua ahantzita, zein helburu izan dezake arratsalde honetan Miarritzek Galesko Ospreysen aurka? Final-laurdenak lortzeko bigarren postuak balio dezake. Sei multzoetako bigarren sailkatuen artean, puntu gehien duten bi taldeak aukeratzen dira. Miarritzek zenbat aukera ditu bi horien artean sartzeko? Oso guti dira, egia erranda. Azken partida jokatu baino lehen, aitzinetik ditu Ulster, Clermont, Edinburgo eta Cardiff. Bost partidatik hiru galduta, besterik ezin zuen espero Miarritzek.

Orduan zertarako joan bigarren postuaren bila? Aguilerako taldeak ez dio muzin egingo multzoko bigarren postuari. Izan ere, postu hori lortuz gero, zuzenean Europako Challengeko final-laurdenetan sartuko litzateke Miarritze. Eta Challengea irabazten duenak Heineken koparako txartela eskuratzen du zuzenean. Top14an dagoen egoeran egonda (12.a da sailkapenean), hurrengo sasoian Heineken kopan aritzeko aukera bakarra du hura.

Miarritzek argi ditu gauzak: bigarren postuaren bila aterako da Aguilerara: «Erasoko puntuarekin irabazi behar dugu. Gero egingo ditugu kalkuluak, eta edozer gerta, Challengea behintzat segurtatuko dugu», dio Laurent Rodriguez kirol zuzendariak. Arazo bakarra izanen du Miarritzek bide horretan, Ospreysek asmo berak dituela. Ospreys eta Miarritze berdinduta daude, eta Miarritzerentzat balio duenak Ospreysentzat ere balio du. Garailea Challengera bideratuko du. Europarekin amesten segitzeko aukera. Biek ala biek alferrik pasatzen utzi nahi ez duten parada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.