Bigarren zati ona jokatu eta bolada txarra eten du Bera Berak (29-19)

Tania Yañez Bera Berako jokalaria, atzo, jaurtiketa egin nahian. JON URBE / ARP.
unai zubeldia
2015eko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Lehen hogei minutuak jokatuta, 7-10 Porriño aurretik. Alba Menendez bi minutuko zigorra jasota, Esther Arrojeria txartel horia ikusita, Montse Puche hutsartea eskatuta... Larri jokalariak, larri entrenatzailea, eta larri zaleak. Bera Berak bi kolpe handi hartu ditu azken bi jardunaldietan, eta mamu guztiak agertu zitzaizkion atzo ere. Porriñok lotsagabe ekin zion partidari, etxekoek dezenteko tentsioa izango zutela jakitun, eta galiziarrek ondo asmatu zuten min egiten.

Hori bai, burua lasaitu arteko ezinegona izan zen Bidebietan, lehen zatiko azken hamar minutuetan 6-1eko partziala lortuta, donostiarrak 13-11 aurretik iritsi zirelako atsedenaldira. Ro'Casaren aurka huts egin zuten gipuzkoarrek bi aste atzera (26-27), eta Mecalia Guardesen pistan etsi behar izan zuen joan den asteburuan (25-20). Lau puntu galduta, jokoan zer egin behar zuten ez zekitela kantxaratu ziren donostiarrak. Baina Ana Tempranoren geldiketek hauspotuta, bigarren zati ona jokatu zuten ligako egungo txapeldunek.

Lehen zatiko azken hamar minutuetako 6-1eko partzial onari 4-1ekoa gehituta, Bera Berak ihes egin zuen markagailuan (17-12), eta hortik aurrera erosoago eutsi zion aurkariari. Ikusgarriak izan ziren Tempranoren geldiketak, eta etxekoak asmatzen hasi ziren kontraerasoetan. Sandra Costasen golarekin, 20-17 gerturatu zen Porriño, eta tentsio pixka bat sortu zen harmailetan. Baina lehen zatiaren amaieran egin bezala, defentsan asko estutu, eta aurkaria ito egin zuten donostiarrek. 9-2ko partzialari esker, ordura arteko alderik handienarekin amaitu zen partida (29-19).

Ezkurdia izan zen golegile nagusia, zazpi golekin, eta bosna sartu zituzten Ana Martinezek eta Eli Pinedok. Atzoko garaipenari esker, hirugarren postura igo da Bera Bera, 14 punturekin. Puntu bakarrera dauka Mecalia Guardes, eta laura Ro'Casa.

Zuazok ezin etxean (26-34)

Hain zuzen ere, Zuazori irabazi zion atzo ligako liderrak (26-34). Denboraldi hasiera bikaina egin dute bizkaitarrek, sei partida irabazi, bat berdindu eta beste bat galduta, baina atzo gehiago izan ziren kanariarrak. Hori bai, 3-1 irabazten hasi eta 3-8 atzetik jarrita ere, asko estutu zuten etxekoek, eta 12-13 estutu zuten markagailua. 12-15 iritsi ziren atsedenaldira, eta, 0-3ko partzialarekin, bigarren zatia hastearekin batera hautsi zen partida (12-18). Joan-etorriko partidan, 26-34 galdu zuen, azkenerako, Zuazok. Hamar gol sartu zituen Oihane Gilek.

Eta Zuazoren moduan, ezinean ibili zen Aiala Zarautz ere (30-24). Emaitzak adierazten duena baino askoz estuagoa izan zen partida, 18-17 zihoazelako 37. minutuan. Baina Judith Vizueteren sei golekin, etxekoek nagusi amaitu zuten partida. Azken-aurreko postuan jarraitzen du Zarautzek, garaipen bat eta zortzi porrotekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.