Lewis Hamiltonek urteko hirugarren polea lortu zuen atzo Singapurreko Sari Nagusiko sailkatze saioan. Bere bigarren polea da jarraian, Italiakoaren ondoren, eta hirugarrena azken lau lasterketetan. Sebastian Vettel izango du alboan, eta lehen lerroak erakusten duen moduan, McLaren eta Red Bull dira auto sendoenak zirkuito honetan. Barrichellok istripua izan zuen azken minutuan, eta gidari askoren itzuli azkarrak bertan behera gelditu ziren.
Urtebete eta gero, 1 Formula Singapurrera itzuli da. Baina oraingoan Flavio Briatore, Pat Symonds eta Renaulten babesle nagusirik gabe. Onerako edo txarrerako, Briatore eta Symonds 1 Formularen historian pisu handia izan duten bi izen dira; azken hogei urteetan kirol honek jasan duen eraldaketan zeresan handia izan dute. Gehienen ustez zigor gogorregia jaso dute, eta horren atzean FIAren asmo bat ezkutatzen omen da: Briatore erditik kentzea. Lehenago Ron Dennisekin egin zuten moduan, alegia.
Kirol arloan, atzoko saioa beltza izan zen Brawn autoentzat. Aurrena, Barrichelloren aldagailuak arazoak eman zituen, eta berri bat jarri behar izan zioten. Horrek zigorra dauka: bost postu galtzea irteera formazioan. Sailkatzean bosgarren izan bazen ere, zigorraren ondorioz hamargarren postura erori zen. Jenson Button taldekideak, zigorrik gabe ere, atzerago bukatu zuen eta hamabigarren postuan irtengo da.
Lasterketa erabakigarria
Lau lasterketa falta dira gaurkoarekin denboraldia amaitzeko, eta Red Bull taldeko gidarien atzerapena 25 eta 30 puntu artekoa da; horrek ia ezinezko egiten du haiek titulurako lehian sartzea. Baina lasterketa honetan emaitza bitxiren bat gertatuz gero, egoera alda daiteke. Adibidez, Button eta Barrichello puntuetatik kanpo gelditzea, eta Vettelek lasterketa irabaztea. Atzoko entrenamenduetako postuak lasterketan errepikatuz gero, horretatik oso gertu geundeke.
Aldiz, kontrakoa ere posible da, eta Buttonek Red Bulleko gidariek baino bost puntu gehiago lortuz gero, titulua irabazteko aukerarik gabe geldituko lirateke. Bigarren aukera horrek posibleago dirudi, baina matematikak kontrakoa esaten ez duen bitartean, ezin dira alboratu lehiatik.
Edozein kasutan, egoera argitzeko balioko du lasterketa honek, eta segurua da oraindik aukerekin dauden lau gidarietakoren bat kanpoan geratuko dela. Puntu kopuruagatik, momentuz Mark Webberrek du horretarako arrisku gehien, eta, gainera, asteburu honetan ezin izan du Vettelen abiadura berdindu. Brawn autoak baino azkarragoa da, baina duen puntuen atzerapena ikusita, askoz gehiago beharko du.
Brawn taldeak lasterketan atzo sailkatzean baino hobeto aritu behar luke. Nahiz eta gauez aritzen diren, orokorrean tenperatura altu samarra da, eta hogeita hamar gradu inguruan ibiliko da. Asfaltuaren tenperaturak beroari eutsiko dio, gauea izan arren lasterketa.
Rosberg bigarren izan zen iaz, eta atzo oso eroso sentitu zen. Ez da baztertu behar, batez ere urteko postu onenetik aterako delako.Azken bi lasterketak kenduta Williams autoa oso sendo aritu da. Lasterketa lehen hiru postuetan dauden gizonen artean jokatuko da, baina podiumean Alonsok kabida izan dezake.
Bigarrena jarraian
Lewis Hamiltonek 'polea' lortu du Singapurren, eta Red Bulleko gidariekin batera, faboritoa da gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu