Erronka zaila dauka gaur iluntzean Osasunak. Villa, Silva eta Mataren gisako jokalari ikusgarriak ditu Valentziak erasoan, eta Unai Emery hondarribiarraren gidaritzapean, talde ausarta eta eraginkorra bilakatu da Valentzia. Osasunak ezin du barkatu ordea. Iragan astean Mallorcaren aurka irabaztea ia ezinbestekoa zen, eta orain Valentziari irabazteak etorkizuna asko argi diezaioke Iruñeko taldeari. Azken hogei hilabeteetan egin ez dutena egin beharko dute horretarako gorritxoek, dena dela: bi partida jarraian irabazi. 2006-07ko denboraldiko azken txanpan lortu zuten azken aldiz Ligan bi partida jarraian irabaztea, eta bada bolada txarra amaitzeko ordua. Valentzia gutxiesterik ez dago, baina helburu bakarra dute gorritxoek: irabaztea.
Jose Antonio Camacho entrenatzaileak argi esan zuen atzo: «Berdinketak ez digu balio, partida nola joan den ikusi ostean ontzat emango dugu gero agian, baina une honetan irabazteak soilik balio digu. Mallorcaren aurka irabazita, zuloan ez hondoratzea lortu genuen, baina Valentziari irabaziz gero, aukera gehiago sortuko zaizkigu eta aurrerapauso itzela emango dugu. Puntu premian gaude, eta hiru puntuak lortzea da helburu bakarra». Ez da erraza izango, baina Emeryren taldea garatezina ez dela argi geratu da azken boladan. Etxetik at lortutako azken garaipena azaroaren 9an lortu zuen, Getafen, eta azken hamabost partidetan ateari hutsean eusten ez du asmatu.
Txapeldunen Ligarako txartela ematen duten postuetan jarraitzen du oraindik Valentziak, baina Vila-real, Deportivo eta Atletico Madril gertu ditu sailkapenean, eta entrenatzaile hondarribiarrak lanean lasai jarraitu ahal izateko, Valentziari ere irabaztea komeni zaio. Batak mailari eusteko borrokan aurrerapausoa emateko, eta besteak Txapeldunen Ligarako sailkatzeko bidean aurrera egiteko. Gaur iluntzean Nafarroako Erresuman aurrez aurre izango diren bi taldeek, beraz, garaipena behar dute.
Elurrak kezka eragin zuen partidaren bezperan Iruñean -Osasuna B-ren partida bertan behera geratu zen atzo-. Ostiralean gimnasioan egin behar izan zuten lana gorritxoek entrenamendu zelaiak erabat zuri zirelako, eta atzo goizean are eta okerrago zeuden Taxoareko entrenamendu zelaiak. Belar artifizialeko zelai baten laurden batean aritu ziren atzo goizean Camachoren jokalariak. Partida behar bezala prestatzerik ez dute izan nafarrek, beraz. Hala ere, ez dago aitzakiarik, jokoan izango diren puntuen garrantziaz jabetuta daude Osasunako jokalari guztiak.
Atzo Nafarroako Erresumako zelaia erabat elurtuta zegoen. Hala ere, eguraldiak gaur hobera egingo duela diote aurreikuspenek, eta partida jokatzeko arazorik izatea ez da espero. Dena dela, zelaia ez da egoerarik aproposenean izango. Eta teorian Valentziako jokalariek gehiago nabaritu beharko lukete zelaiaren egoera txarra. Baina Camachok ez du hala uste. Zelaia ondo egon ezean, bere taldeak nabarituko du gehien, entrenatzaile espainiarraren ustez. «Eraso asko egiten dituen taldea da Osasuna, eta erasoa ondo lantzea gustatzen zaigu, gainera. Zelaia egoera onean ez badago gu izango gara kaltetuak, ez Valentzia».
Puñal, hasieratik
Hasierako hamaikakoan aldaketak derrigorrean egin beharko ditu Camachok: Josetxo Romerok zuntz haustura bat dela-eta jokatu ezinda dago, eta Javad Nekunamek partida bateko zigorra bete beharko du txartelen ondorioz. Josetxoren ordez Sergio Fernandez ariko da erdiko atzelari lanetan, eta irandarraren hutsunea Krisztian Vadocz hungariarrak beteko du euskarri bikoitzean. Zelaiaren egoerak taldea joko zuzena egitera behartuko balu, Masud irandarraren ordez Pandianiren ondoan Hidalgo edo Dady aritzea baztertzerik ere ez dago, dena dela. Patxi Puñal kili-kolo ibili da aste honetan giharretako gainkarga baten ondorioz, baina Osasunako kapitaina hasieratik ariko da azkenean.
Bigarrena nahi du
Sasoi eta erdi darama Osasunak Ligan bi partida jarraian irabazi gabe, eta bolada hori eten nahi du gaur Valentziaren aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu