Bigarrenean, etxezulo

Anoetan urrats sendoak eginez ekin nahi dio Realak bigarren itzuliari, Sporting aurkari zuzenaren kontura

Donostia
2012ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Txapelketaren lehen luzean izandako ibili gorabeheratsua atzean uzteko asmotan ekingo dio gaur Realak bigarrenari, Sportingen kontra. Derrigorrean berreskuratu beharra dauka garai batean etxean izandako fidagarritasuna, joko handirik atera ez arren joera irabazlea zueneko hura. Hiru arrazoik, behintzat, jantz dezakete ezintasun hori: batetik, parean egokitu zaizkion aurkari gehienen tamaina. Bestetik, arriskua sortzeko eragozpenak. Eta, azkenik, tiroan trebetasun apala. Bide beretik jarraituz gero, lanak izango ditu Manuel Preciadok eraikiko duen sarea desegiteko, nahiz eta asturiarrak ere mutur oker dabiltzan aspaldion. Zaragozarekin batera beste inor baino gehiagotan atera dira galtzaile, 11 aldiz, eta horrek garbi azaltzen du zer dela-eta sartu dizkieten gol gehien, 33. Jaitsiera postuetatik aldentzeko benetako azterketa da.

Ezustean harrapatu zuen Montanierrek Manuel Preciado Molinonen, eta orduan lortutako gol aldea ez galtzea ere baliotsua litzateke txuri-urdinentzat. Modu berean mintzatu arren, bi entrenatzaileak atariko agerraldietan bestelako bideak jorratuko dituzte, helmuga arrastoa nork aurrena zeharkatuko. Realak joko ekimena beregain hartu nahiko du, baloia erabiliz, jokaldiak landuz. Bi aldaketa egingo ditu hasierako taldean Montanierrek, biak ere atzeko lerroan. Iñigo eta Carlos Martinezen parte-hartzea ziurtzat jo liteke, Demidov eta Cadamuroren ordez. McDonald Mariga, bien bitartean, Italia aldean da atzoz geroztik, Milango Interrekin negoziatzen. Parmara joan nahi du. Realaren eta jokalariaren artean ez dago arazorik, eta aurki aldatuko da taldez.

Gijongo taldeari dagokionez, aldiz, badirudi iraultzatxoa prestatu duela Preciadok. Hala, Ivan Hernandez, Rivera, Trejo, Carmelo eta Bilicek aukerarik izan dezakete. Vila-realeko lehiarekin alderatuz, ia talde erdia aldatuko du, hortaz. David Barral golegilea ezin izan da Donostiara etorri. Haren hutsunea garrantzitsua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.