Hiru jardunaldi jokatu dituzte ACB ligako azken faseko A multzoan, eta, alde batetik, argitu egin da Bartzelonak sekulako aukera duela sailkatzeko. Bart gauean Kirolbet Baskoniaren aurka irabazi duenez, (81-75), nahikoa izango du bihar Retabet Bilbo Basketi irabaztea finalerdietarako sailkatzeko (18:30), eta, bihar kale egiten badu, azken jardunaldia ere izango du urrats hori emateko.
Baskoniak ere aukera dauka sailkatzea bihar bermatzeko. Horretarako, Unicajari irabazi beharko dio (15:30), eta Tenerifek Joventut hartu beharko du mendean. Bi emaitza horiez gain, Bartzelonak Bilbori irabaziko balio, gasteiztarrak bigarren izango lirateke A multzoaren amaieran. Aldiz, bihar galduko balute, eta Bartzelonak irabazi Bilbori, batere aukerarik gabe geratuko lirateke.
Bilbo Basketentzat biharko jardunaldia finalerdietarako sailkatzeko aukerei eusteko baliagarria da, Bartzelonari irabazita ere ez bailitzateke sailkatuko bihar bertan. Galtzen badu, ordea, inolako aukerarik gabe geratuko lirateke. Laugarren jardunaldira bizirik heldu da, atzo Teneriferi irabaziz lehen garaipena lortu zuelako fasean (70-78).