NBA, munduko saskibaloi txapelketa onenaren garailea erabakitzeko kanporaketak hasiko dituzte bihar arratsean, AEBetan. Joan den urritik apirila bitarte jokatu duten denboraldi erregularreko hamasei talde onenak elkarren aurka lehiatuko dira, NBAko eraztun preziatua nork irabaziko duen erabakitzeko. Finala ekaina aldera hasiko da.
Kanporaketen formatoa
Betiko bera da. Konferentzia bakoitzean, ekialdean eta mendebaldean, zortzi talde onenek jokatuko dituzte kanporaketak. Egokitutako kontrarioari lau partida irabazten dizkiona sailkatuko da hurrengo faserako. Lehenbiziko txanda, bigarren txanda eta konferentziako finala gainditu behar dituzte. NBAko finalean, ekialdeko eta mendebaldeko talde onenak ariko dira elkarren aurka.
Ekialdeko konferentzia
Lebron James izarraren Cleveland Cavaliers da faborito nagusia. Denboraldi erregularreko markarik onena egin du -61 partida irabazi eta 21 galdu-. Orlando Magicek dirudi hemen haren kontrario gogorrena, denboraldi erregularrean bigarren onena izan baita -59 irabazi eta 23 galdu-. Honela egokitu dira kanporaketak:
Cleveland Cavaliers-Chicago Bulls
Boston Celtics-Miami Heat
Atlanta Hawks-Milwaukee Bucks
Orlando Magic-Charlotte Bobcats
Mendebaldeko konferentzia
Iazko txapelduna, Los Angeles Lakers izan da denboraldi erregularreko talderik onena mendebaldean -57 irabazi eta 25 galdu-. Haren ondotik, Dallas Mavericks da sendoena, baina taldeen maila mendebaldean ekialdean baino berdinduago dago, beraz, Phoenix Suns edo Denver Nuggets bezalakoak ongi ibil litezke. Honela egokitu dira kanporaketak:
Los Angeles Lakers-Oklahoma City Thunder
Denver Nuggets-Utah Jazz
Phoenix Suns-Portland Trail Blazers
Dallas Mavericks-San Antonio Spurs
Saskibaloia
Bihar hasiko dituzte NBAko titulurako kanporaketak
Cleveland Cavaliers eta Orlando Magic dira faboritoak Ekialdeko konferentzian, eta Los Angeles Lakers eta Dallas Mavericks Mendebaldekoan. Finala ekaina aldera izanen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu