Biharko lehiarako salgai jarritako 950 sarrerak ordu eta erdian amaitu dira

Ander Herrera: «Gu erasoan sentitzen gara eroso, eta kanporaketa garaipen batekin amaitzen saiatuko gara»

Erredakzioa
Bilbo
2012ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Athletic-Manchester United biharko neurketarako sarrerarik ez daukanak lehia telebistaz ikusi beste aukerarik ez du izango. Izan ere, Athleticek atzo salgai jarritako 950 sarrerak ordu eta erdian amaitu ziren, eta taldeak jakinarazi zuenez, ez du txarteldegia berriz irekiko. Barria bazkideen artean banatu zituen Athleticek azken sarrerak, eta ilaran bildutako hainbat lagunek esku-hutsik hartu behar izan zuten etxerako bidea. Batzuek, oso haserre gainera, igandetik ilaran egon ostean ezin izan baitute sarrerarik eskuratu.

Partidaren harira, Ander Herrerak hitz egin zuen lan saioa amaitu berritan, eta Old Trafforden 2-3 nagusitu arren, erasoari muzin egin gabe jokatuko dutela aitortu zuen: «Gu aurkariaren ate inguruan sentitzen gara eroso, eta kanporaketa garaipen batekin amaitzen ahaleginduko gara. Talde honen filosofia baloia edukitzea eta gola egitea da». Faborito, oraindik ere, Manchester United dela esan zuen: «90 minutu luze geratzen dira, eta euren arma guztiak jarriko dituzte martxan San Mamesen irabazteko. Erne ibili beharko dugu».

Garaipenaren giltza zuri-gorrien defentsa lanean egon daitekeela adierazi zuen Herrerak: «Kontraerasoan min handia egiten du Manchesterrek, eta etxetik kanpo jokatzen duenean are gehiago. Beraz, atzean sendo egotea oso garrantzitsua izango da». Herreraren ustez, zaleen babesa erabakigarria izango da.

Llorente eta De Marcosen zain

Fernando Llorenteren eta Oscar de Marcosen parte hartzea kolokan dago biharko neurketari begira, atzo ez baitzuten lan saioa osatu. Lehenak min du gerrialdean, eta bigarrena gripeak jota dago. Marcelo Bielsarentzat ezinbesteko bi jokalari dira hasierako hamaikakoan, eta ez balute jokatuko, haien falta nabaria izango litzateke. Gaizka Toquero eta Iñigo Perez lirateke Llorenteren eta De Marcosen ordezkoak, hurrenez hurren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.