Hobea da. Hutsegiteak zigortzen iaioetan iaioena, eta, jendearen begietara, zabarkerian jausi gabe lortzen du arrakasta CSKA Moskuk. Alegia, epaileen ustezko baimenik gabe, ikusten den egurra eman gabe. Baina eman, ematen dute errusiarrek, eta ondo, denek bezala. Hori bai, nabarmen geratu gabe, disimulu handiarekin. Gescrap Bizkaiak, oraingoz, edo ez daki, edo ez diote uzten, intentsitatearekin eta muga-mugan jokatzen duen aldiro epaileen zigorra jaso izan duelako. Moskuko bigarren partidan gertatutakoa adibide onena. Lehen neurketan astindu handia hartuta, gogor jokatu beste erremediorik ez zuela ulertu zuen Fotis Katsikarisen taldeak, baina egurra emateko moduak eta moduak daude, partida hasi eta bi minutura bizkaitarrak bonusean sartuta zeudelako. Faltak pilatu eta pilatu, azken laurdenean egurra eman nahi eta ezin geratu zen Bizkaia, jokalari garrantzitsu batzuek lau edo bost falta zituztelako. Falta guztiak falta izan al ziren? Agian, ez, baina Bizkaiak talde hasiberrien ordainsariaren zama astunarekin osatu beharko du lehen urtea Euroligan. Agerikoa da epaileek talde indartsuenen, ezagunenen aldeko joera dutela, eta horrek ez dauka bueltarik. Gainera, Bizkaiak badu halako fama txarra, talde maltzurraren sona, egurra gupida gabe ematen duelako sona, batez ere etxean, eta iritzi hori epaileen belarrietara iristen da nahitaez.
Jonas Kazlauskas CSKAko entrenatzaileak sugarrak bizitu ditu, eta gehien komeni zaion diskurtsoa zabaldu: «Bizkaiak faltaren mugan jokatzen du etengabe. Epaileek adierazi zituzten faltez gain, kirol legearen aurkako falta asko egin zituzten, eta gu liskarretan sartzeko probokazio ugari ere bai. Bilboko partidak oso gogorrak izango dira». Alex Mumbruk eman dio erantzuna. Aurrena, CSKAren kexuak kritikatzeko: «Ez dakit zertara datozen kritika horiek. Ez zait iruditzen Euroliga irabazteko eraikitako taldeak joko horretan sartu behar duenik; ez du behar». Hausnarketa ondoren: «Guk guri komeni zaigun moduan jokatuko dugu, eta CSKAk, komeni zaion moduan. Bakoitzak ondoen menderatzen dituen baliabideak erabiltzen ditu eta kito. Garbi dago guk defentsan gogor jardungo dugula, korrika egin ahal izateko. Gogortasun hori gabe jai dugu, eta zin egiten dut muturreraino borrokatuko garela jokaldi guztietan baloi harrapatzeko».
Biek dute arrazoia, baina epaileek zeresan handia izan dezakete. Gescrapek hirukotearen irizpidea ikusi behar du aurrena. Ero-ero hasi gabe, egurra ematen utziko duten edo ez, utziko duten jakin gabe ematen hasiz gero falta asko pilatuko dituelako. Nahikoak izango dira hiruzpalau minutu. Pazientzia apur bat, huts gutxi egin eta, ondoren, lanari ekin. Zale askok egin duten galdera da ondokoa. Eta defentsan gogor jokatzen uzten ez badute, zer? Bada, bihotzaz gain, burua erabili. Bizkaiak baino talentu gehiago dauka CSKAk, baina bizkaitarrek Miribillan jokatuko dute, eta etekina atera behar diote horri. Zaleen oihuak eskatu, epaileak estutzeko eta balantza desorekatzeko. Besoak, gorputza eta hankak osagai garrantzitsuak dira, baina horiek guztiak buruak mugitzen ditu, eta tentuz jokatzea onena.
Askok eman dute amore
Eraldatu egiten da etxean Bizkaia. Caja Laboralek, Unicajak, Real Madrilek, Montepaschik… askok eman dute amore, eta erronka CSKA belaunikaraztea da. Bigarren partidako bigarren laurdenean bezala, saskiko iturria itxita, errebotea irabazi eta trantsizio joko azkarrarekin. Horrela lortzen baitira jaurtiketa irekiak, saskiratze errazak, aurkariaren indarrari kalte egiten diotenak. Korrika moldatzen da ondoen Aaron Jackson, eta kontraerasoak bukatzen artista da. Saskiratzea berak lortzen du, edo libre dagoen taldekideari asistentzia on bat ematen dio.
CSKAren joko moldea errepikatzen saiatzea da helburua. Errusiarrek saskipean duten indarra baliatzen dute korrika egin eta sei-zortzi segundoan eraso eraginkorrak antolatzeko. Askotan, bizkaitarren laguntzarekin, Gescrapek partida bakoitzean hamazazpitan uzten diolako baloia kontrarioari. Hori berriro gertatzen bada, jai izango dute: Teodosic, Xved, Gordon, Kirilenko… azkarrak dira, kontraerasoan iaioak, eta egoera horiek nola edo hala saihestu behar dira. Mumbru izan zen onena bi partidetan, baina kataluniarrak badu zer hobetua defentsan. Khriapak min handia egin du jaurtiketa irekietan, eta laguntzak zorrotz zaindu behar dira. Derrigorrezkoak direnean soilik egin, gaizki egiten badira CSKAk akabatu egiten zaituelako. Mumbruren defentsa bezala, D'Or Fischerrek ere noiz lagundu eta noiz ez erabaki behar du blokeo eta jarraipenean. Aukeratu egin behar da, arriskuak hartu, baina saskiratze errazak saihesteak du lehentasuna.
2-0ekoak presioa sortzen du, baina ez beldurrik. Garaipen premian egon den unetan neurri ona eman du Bizkaiak, eta galduz gero Euroligako abentura bukatu dela onartua dute bizkaitarrek. Ligako azken garaipenek ere patxada eman diete. Seigarren daude, eta kanporaketetako txartela eskura dute orain. Gaur eta etziko partidetan bete-betean ahalegintzeko baimena eman die Sevillako garaipenak, eta han nekearen zama gainditu bazuten, gaur ez da nekerik sumatuko. Aukera bakarra dago, eta partida bukatuta ere, izango da atseden hartzeko aukera.
GESCPRAP BIZKAIA-CSKA
Txapelketa. Euroligako final-laurdenetako hirugarren partida. 0-2 dago aurretik CSKA.
Gescrap Bizkaia. Jackson,
Raul Lopez, Fisher, Blums, Grimau, Vasileiadis, Mumbru, Banic, Hervelle, Mavroeidis, Samb eta D'Or Fischer.
CSKA Mosku. Teodosic, Gordon, Xved, Voronov, Mejia, Vorontsevitx, Siskauskas, Ponkraxov, Kurbanov, Khriapa, Kirilenko, Lavrinovic, Sokolov, Kaun eta Krstic.
Lekua. Miribillako pabiloia (10.000 ikusle).
Ordua. 19:00 (ETB1).
Beste kanporaketak. Atzo: Unics Kazan 56; Bartzelona 67 (0-3 nagusitu da Bartzelona) eta Maccabi 65; Panathinaikos 62 (2-1 doaz); gaur, 20:00etan, Olympiakos-Montepaschi (1-1 doaz).
Bihotza... eta burua
Gescrapek bide bakarra ikusten du CSKA laugarren partida jokatzera behartzeko: defentsan gogor aritzeaErrusia aldetik bizkaitarren egurra kritikatu dute, eta giro beroa espero da gaur Miribillan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu