TXIRRINDULARITZA. FRANTZIAKO TOURRA

Bihotzaren bihotzean bihotza dar-dar

Andoni Urbistondo.
SAINT-LARY-SOULAN
2005eko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Goizeko 9:30, Pasai San Pedro (Gipuzkoa). Txirrindulari profesional bat, zikloturista on bat eta zikloturismoa alboratu duen kazetaria. Irun, Baiona, Paue, Tarbes, Saint-Gaudens, Saint GironsÉ 12:45. Laneko arropak jantzi, beroketa ariketak egin eta infernurantz abiatu da Mikel Astarloza. Lagunak sabela gozatzen geratu dira. 120 bat kilometro dituzte aurretik, eta sei mendate. Batek bizikleta gainean, beste biak autoan. 30 gradu. Errepidea gorantz begira jarri da. Portet d'Aspet gaina. Erraz, aise doa Astarloza. Aitaren batean gainditu ditu mendateko lau kilometroak eta beherakoan atzean utzi ditu autoko lagunak. Beldurra eragiteko modukoa da Portet d'Aspeteko jaitsiera, are gehiago Fabio Casartelli zenaren oroimenean altxatako oroigarria ikusten denean.

Mente serioagoa da. Zazpi kilometro ditu eta %8,6ko pendiza. 180 graduko bihurguneetan nabarmen handitzen da desnibela. Ederra da mendatea, bista ikusgarrikoa. Ur botila hartu du autotik karreristak. 18-20 kilometroko abiaduran doa. 39 hortz plateran. 23koa handiena, atzean. Eserita doala, pinoi handienarekin egiten du bidea beti Ag2r taldekoak. Jaikitzen denean 21 edo 22 hortzekoarekin. Errazago mugitzen du garapena zutik dela. Zimurrak agertzen hasi zaizkio aurpegian. Eguzkiaren zigorrak izerdi tantak loditzen ditu txirrindulariaren kopetatik behera. Azken kilometroan zuhaiztiaren babesa bilatu du. «Voulez vous manger omelette de jambon, Mikel?» (urdaiazpiko tortilla nahi al duk, Mikel?), galdetu diote lagunek, gainean, txantxetan. Irribarre txikia egin du. Erantzunik ez. Kontzentratua doa oso pasaitarra.Aran bailaran sartu da Astarloza, Katalunian. 20 kilometroko ordeka dago Menteko jaitsiera eta Portillongo igoeraren artean. Ibilbide gaiztoa aurretik ihesean joan nahi dutenentzat. Tarte horretan ere indartsu ekin dio Astarlozak. Autoari erregaia bota, ogi pixka bat erosiÉ txirrindularia Portillonen gora ari da, autoa hurbildu zaionerako. Euria eta trumoi giroa gertu. Erritmoan nobedaderik ez. Bizi-bizi. Goian, beherakoan kontuz ibiltzeko eskatu diote lagunek Astarlozari. Arriskua inor baino hobeto ezagutzen duenari aholkuak ematenÉ Portillondik Luchon alderako jaitsiera oso arriskutsua da. Luchonen jende piloa dabil kalean. Ag2r Frantziako taldea da eta Astarlozaren pasaeran asko geratzen dira begira, nor ote den jakin asmoz.

Peyresourde,gogorra eta bukaezina

Peyresourde mendate mitikoari ekin dio. Ziurrenik, mendate hori izango da eguneko gogorrena. Luzeena delako (45 bat minutuko ahalegina) eta igotzen hasterako, txirrindulariek 150 kilometroko zigorra edukiko dutelako hanka zuztarretan. %7ko pendiza du Peyresourdek, baina baditu atseden pare bat, Saint-Aventin herrian luzeena. Erakutsi egiten du Paeyresourdek gainerainoko bidea, eta hori ere kaltegarria izan ohi da eman eta eman ari denarentzat; gainera iritsi ezin. Sigi-saga ikusgarria egiten du Peyresourdek azken hiru kilometroetan. Langileak zorua berritzen ari dira eta euria goian-behean, trumoi soinua gertu-gertu.

Sagarra eta ur potea hartu ditu Astarlozak eta Loudenvielle herrirantz jaitsi. Polita da oso jaitsiera, ireki-irekia, zuhaitzik ez, igoera bezala. Errepide ertzean, kilometroaren pendiza adierazten duen portzentajea. Nahastu egin ote direnÉ Beti %8tik gorakoa! Eski-estazioko bidegurutzea ezkerrera utzi eta azken bi kilometroei ekin die Astarlozak, blai eginda dagoeneko, hartxintxarrez betetako errepidean. Euritakoa eskatu du eta lagunek ezin topatu. Etxean ahaztu zaio. 15 gradu gainean 1.580 metrora eta zerua mutur belztuta zeharo.Jaitsiera egin eta entrenamendua bukatutzat ematea erabaki du. Saint-Lary-Soulan herrian bukatu da entrenamendua. Edan, jan, arropa lehorra jantzi eta Pla d'Adet, azken mendatea autoan ikuskatu du Astarlozak. «Ez dut bizikletan igo, eta pozten naiz, baina denetan gogorrena dela esan dezaket: kilometro osoak %9, %10eraÉ».Pasako duena badaki, behintzat. Gaitzerdi? Ziurrenik ez.

-

TOURREKO ETAPA GOGORRENA, ASTARLOZAREN AHOTAN





 

«Jende askok asko galduko du Pla d'Adeten»







Bustita, izerditan blai bukatu du etapa Astarlozak. Arnasa etorri zaionean xehetu ditu etaparen nondik norakoak.

«Profila paperean ikusita errazagoa zirudien etapak, baina oso gogorra da. Uztailean, 35 gradurekin, etapa ikaragarria izango da. Alpeetako mendiak ezagutzen ditut eta hau Tourreko etapa nagusia, gogorrena izango dela iruditzen zait. Sei mendate daude, eta bitan banatuko nuke etapa. Portillon gaina hasi arte eta Portillon gainaren ondoren. Portillon baino lehenago daude Aspet eta Mente. Dezente aletuko dute tropela. Aspet laburra da, baina tentea, eta Mente serioagoa da, zortzi kilometroko aldapa. Ziurrenik erritmoan igoko ditu tropelak, aurretik ihesaldiren bat egingo delako ordurako. Mente jaitsi eta 25 kilometro lau daude, Portillon hasi arte. Han taldeek mugitzen hasi beharko lukete, Portillondik helmugara apenas dagoelako atsedenik. Oilarrek jendea bidal dezakete aurrera, edo haiek hasi egurrean. Portillonek, eta batez ere, Peyresourdek, 20-25 laguneko tropeltxoa utziko dute aurrean eta Val-Louron gainetik, azken aurreko mendatetik, onenak bakarrik, 8-10 lagun igaroko direla uste dut. Azken mendatea oso gogorra da. Batez bestekoa %7,6koa da, baina lehen bost kilometroak horma baten parekoak dira: %9 eta %10 artekoak denak. Alde handiak izango dira helmugan. Jende askok gal dezake Tourra, etapa hirugarren asteko lehena delako eta nekea ere handia izango delako. Indartsu sentitzen denak ibilbide aproposa du aurrera egiteko eta gaizki dagoenak, erne!, ordu erdia gal dezake-eta. Pla d'Adet da denetan gogorrena. Askok 25 hortzeko pinoia erabili beharko dugu. Ihesaldiek zaila dute arrakasta izatea. Txirrindulari indartsuek, ezagunek osatutako ihesaldia bada, agian bai, bestela ez. 60 kilometro lau daude mendia hasi aurretik, baina han 10 bat minutuko aldea lortu behar du ihes eginda doanak, gero ezinezkoa delako tropela gehiago urruntzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.