OSO ONGI
Iñaki Lizaso. Oporretatik bueltatu zenetik bata bestearen atzetik ari da partidak irabazten. Doneztebeko atzelariak larunbatean Galarretan jokatu zuen bigarren zatia gogoangarria izan zen.
Iker Etxebarria. Munduko Handball Txapelketan, Irlandan, ezustean harrapatu ditu Zeanuriko pilotariak, bai bertakoak, bai hemendik joandakoak, inork ez zuelako espero horren modalitate ezezagunean horrelako maila emango zuenik. A mailan aritu da, horma bakarreko modalitatean, sei partida irabazi ditu jarraian eta urrezko domina irabazi. Euskadiko selekzioko Martin eta Gonzalez binakako finalean sartu dira, modalitate eta maila berean.
ONGI
Rikardo Alberdi 'Alberdi I.a'. Munduko Txapelketako finalerdietan sartu dira bera eta Felix Espilla beteranoa. Nabarmentzekoa da, ordea, 'Etxebarriako printzeak' eskuko hatzamar bat lehertuta zuela irabazi zuela ostiral gauean eta lau punturekin igande gauean. Meritu handiko bi garaipen dira.
NAHIKOA
Ruben Beloki. Hotzean harrapatu zuen Sebastien Gonzalez. 0-5 hartu zuen estu, baina erreakzionatzeko eta bere jokoa inposatzeko gai izan zen Burlatakoa.
ESKAS
Mikel Goñi. Bikaina nori eman zalantzak izan baditugu ere, eskasarekin ez dago inolako zalantzarik. Itxura penagarria eman zuen Goñik Zarautzen. Ez du betetzen profesional mailako txapelketa batean parte hartzeko behar den gutxiengorik. Ez jokoz eta ez, batik bat, fisikoz. Amaitzen ari zaio zeukan sinesgarritasun apurra. Errespetua zor die lankideei eta errespetua pilotazaleei.