Bikote gazteenak gaur ekingo dio Azysa torneoari, Juaristi eta Lizasoren aurka

Imanolek eta Galanek bi estiloren arteko lehia jokatuko dute buruz buruko pala txapelketako final-laurdenetan

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2010eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Erremintak txapelketa arratsaldea du gaur Euskal Herrian. Hernanin, Galarretan (16:00), Urtasun eta San Miguelek erremonteko Azysa torneoko A multzoko ligaxkako partida jokatuko dute Juaristi eta Lizasoren aurka. Palaz, berriz, Bilboko Club Deportivon (17:00), Imanolek eta Galanek buruz burukoaren final-laurdenetako partida jokatuko dute, eta irabazleak Gaubeka izango du azken aurkari finalerako bidean.

Urtasunek eta San Miguelek gaur ekingo diote binakako txapelketari. Enpresak bikote gaztea elkartu du -24 eta 23 urte dituzte-, eta ikusmina sortu du zaleen artean. Aurkariak, berriz, elkar ondo ezagutzen duen bikote bat dira, Juaristi eta Lizaso, askotan jokatu baitute elkarrekin. Azken hauek, gainera, gaur bertan sar daitezke finalerdietan, aurreko astean 40-30 irabazi baitzieten Ezkurra eta Olazarri (40-30).

Deportivoko partidan, estilo desberdineko bi atzelariren arteko lehia jokatuko da. Imanol jotzaile aparta da; Galan espainiarra, berriz, palista segurua eta oso defentsa onekoa. 2007an elkarren aurka jokatu zuten, eta Imanolek irabazi zuen (35-33). Gaur Abusukoa izango da faborito. Irabazleak Esteban Gaubekaren aurka jokatuko du. Jaialdiko lehen partidan 2. Mailakoa hasiko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.