Getafe 2-1 Reala

Bilaua aldatu da, gidoia ez

Realak galdu egin du Getaferen aurka; laugarren porrota du jarraian. Donostiarrek jokoan izandako hamabost puntuetatik bakarra eskuratu dute. Pachecoren debuta izan da partidako albiste on bakarra.

Realeko jokalariak, burumakur, Getaferen aurkako neurketaren amaieran. Txuri-urdinak bolada txar batean murgilduta daude. RODRIGO JIMENEZ / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko ekainaren 30a
00:25
Entzun

Bururik altxa ezinda. Realak berriz ere porrot egin du ligan, Getaferi egin dion bisitan, eta laugarren partida galdu du jarraian. Hartara, bost neurketa daramatza garaipenik lortu gabe, eta jokoan izandako azken hamabost puntuetatik bakarra eskuratu du. Egoera gaiztotu egin zaio.

Bilaua aldatu bada ere, gidoia azken partidetako bera izan da. Astun aritu dira Imanol Alguacilen jokalariak, beren jokorik onena inondik ere egin gabe, eta, gainera, epailearen erabaki batek eragin handia izan du partidari norabide bat ematerakoan. Txuri-urdinek garaipen baten beharra zuten gora begira hasteko, baina esku hutsik itzuli dira Madrildik.

Oraingoan Getafek zapaldu du Reala. Oinkatzea ez da metaforikoa izan, ordea, Hugo Duro jokalariak Robin Le Normanden hanka zanpatu ostean iritsi baita etxekoen lehen gola ekarri duen penaltia. Ez da okerrik, ez; espainiarren aurrelaria izan da Realeko atzelaria zapaldu duena, baina Cordero Vegak donostiarren aurkako penaltia adierazi du. Ez ditu VAReko irudiak ikusi ere egin; azken zazpi norgehiagokatan kontrako zazpi penalti adierazi dizkiete gipuzkoarrei.

Dena den, Alex Remiroren oker bat egon da aurkako gol horren oinarrian. Atezainak ez du asmatu baloia jokatzerakoan, eta hutsegite horrek piztu du gerora Getaferen estreinako gola ekarriko zuen abagunea. Ordura arte deus gutxi egiten ari zen Reala, eta are gehiago okertu zaio neurketa, 19. minutuan.

Atsedenaldira arte Getafek izan du partidaren gidaritza. Etxeko taldea eroso aritu da zelaian, eta joko gogorra eginda geldiarazi ditu Imanol Alguacilen jokalariak. Nahieran ebaki dute bisitarien jokoa. Txuri-urdinak aurrera egiteko zirrikiturik gabe egon dira lehen zatian, eta markagailuan atzetik zela joan dira aldageletara.

Bigarren zatian, itxura hobeagoa emateko peskizan hasi da Reala, eta, lehen minutuetan burua lehengo lepotik izan badu ere, 56. minutuan iritsi da taldea apur bat piztu duen gola. Jon Pacheco debutariak hasitako jokaldi batean Mikel Oiartzabali iritsi zaio baloia, eta eibartarrak lerro arteko pase bat eman dio Adnan Januzaji. Belgikarra ez zegoen jokoz kanpo, nahiz marrazainak hasieran halakorik adierazi duen, eta berdintzea lortu du (1-1). Pacheco bera izan da Realaren albiste on bakarra; Elizondoko jokalaria estraineko aldiz aritu da donostiarrekin, eta bere taldeko onentsuena izan da, gainera.

Suspertze ahul bat

Behin 1-1ekoa eginda, Realak urrats bat egin du aurrera, eta bere minuturik onenak jokatu ditu. Halere, Getaferen areara egindako gerturatzeek ez dute askorako balio izan, eta ez dute lortu aurretik jartzea. Partidaren hondarrean berriz orekatu dira indarrak, eta Getafek bereak eta bi egin ditu aurrea hartzen saiatzeko. Suspertze ahula izan da.

Baita lortu ere, 83. minutuan arrisku gutxiko jokaldi bat baliatu baitu bigarren gola egin eta partida erabakita uzteko. Berriz ere Realaren huts baten ondotik etorri da etxekoen poza. Bisitarien atzeko lerroa lokartuta zegoen bitartean, azkar ibili da Jorge Molina, eta arrapaladan atera du alboko sake bat. Angel Matari iritsi zaio baloia, eta hark ez du barkatu, 2-1ekoa eginda. Matak berak sartu ditu Getaferen bi golak.

Kontuak horrela, Realak burumakur amaitu du ligako partida, azken bost aldietan bezalaxe. Kukuak oker jo dio txapelketaren itzuleran, eta, sasoi amaieran esku hutsik geratu nahi ez badu, irabazten hasi beharra du. Aukerak urritzen ari zaizkio, ordea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.