Espero zen pausoa eman du Bilbo Basketek, hartzekodunen konkurtsoan sartu da. Asteak zeramatzak aurre konkurtso egoeran, eta hurrengo hilabeteetan diru sarrera berririk espero ez denez, logikoa da konkurtso egoeran sartzea. Taldeak sei milioi euroko zorra du, horietatik hiru baino gehiago Bizkaiko Ogasunarekin, eta ACB ligatik 1,6 jasotzea espero du. Zenbakiek ez dute ematen, eta horregatik eman du pausoa.
Era berean aldaketak egongo dira zuzendaritzan, eta Javier Barcala enpresari bizkaitarra izango da taldearen zuzendari nagusia. Bere ardura izango da hurrengo urteko aurrekontua kudeatzea. “Askoz txikiagoa” izango dela esan du, beharko izan. Zuzendaritzaren asmoa milioi bat euro inguru biltzea da, eta abonatu gehienek euren txartela berritzea.
Teknikari eta jokalariei dagokienez, hurrengo astean emango dute horren berri. Gaurko espero zen jakinarazpena, baina itxarotea erabaki dute dena ondo lotuta izan arren. Zurrumurruen arabera Alex Mumbru izan daiteke hautatua, maila oneko laguntzaileren batekin. Taldea Urrezko LEB ligan lehiatuko da, eta aste pare bateko epean eman behar du izena.