Bilbo Basketek bide bazterrean utz dezake Joventut

Badalonako taldea bizkaitarren aurkari zuzena da, sailkapenean garaipen bat gutxiago baitu (12:30, ETB 1)

Andoni Urbistondo.
2011ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Bizkaia Bilbo Basketek titulua lortzeko kanporaketak jokatzeko aurrerapauso handia eman dezake Badalonan. Joventut aurkari zuzena da, garaipen bakarrera dago sailkapenean, 9. postuan, eta haien etxean irabaztea erabakigarria izan liteke bizkaitarrentzat. Konfiantza emango dielako, baina Kataluniako taldea hondoratuko duelako. Krisi txiki batean murgilduta dago Joventut, azken bi partidak galduta, eta errenkadan hirugarrena galtzea kolpe handia litzateke Badalonakoentzat.

Joventut hainbat adituren aurreikuspen kaskarrak betetzen ari da, haien kalterako. Henk Norel eta Carl English gabe geratu da, lesio larrien erruz. Bikote hori funtsezkoa zen Pepu Hernandez entrenatzailearen joko eskeman, hasierako bostekoan jokatzen zutelako ia beti. Ordezkoak derrigortuta bilatu behar izan ditu entrenatzaileak, baina Joventut sosez eskas dabil, eta harrobiko jokalarien iturritik edan behar izan du. David Jelinek txekiarrak eta Pere Tomas etxeko mutilak izan dira hautatuak. Ez dira herrenak, baina ez dute English eta Norelen kemenik, oraingoz.

Joventutek 32 puntugatik galdu zuen azken partidan, Manresan, eta haien konfiantza ez dago momentu onenean. Bilbo Basketena, aldiz, askoz hobeto dago, astebete atzera Valladoliden aurka etxean lortutako garaipen erosoak Kopan sortutako zalantza guztiak uxatu dituelako. Fotis Katsikaris entrenatzailea, dena den, ez da fio Joventuten ustezko joko bolada txar horrekin: «Haserre daude, eta bete-betean kantxaratuko diren susmoa dut, galdutako fede hori berreskuratu nahian». Joventut okerrenerako eta onenerako gai omen da, greziarraren ahotan, eta, horregatik, bere jokalariei sobera ez fidatzeko eskatu die.

Kili-kolo zeuden jokalarien sasoiaren inguruan, Axel Hervellek taldearekin egin du bidaia, baina azken unera arte ez da erabakiko jokatuko duen edo ez, belauna minberatuta duelako oraindik. Banicek ere hobera egin du bere orpoan, baina ez du behartuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.