Azken bi asteetan jasotako muturrekoek eragindako mina ahazten hasteko aukera aproposa dauka gaur Bilbo Basketek. Granada, sailkapeneko zuloan dagoen taldea hartuko du Miribillan, errenkadan galdutako bi partidei buelta eman eta berriro garaipenaren arrastora bueltatzeko. Bizkaitarrek lau garaipen behar dituzte lehen zortzi onenen artean sartuko direla ziurtatzeko, eta etxetik at trakets samar dabiltzanez, etxean bildu behar uzta.
Granadak gero eta aukera txikiagoa du jaitsiera saihesteko.Manresaren aurka galdu zuen joan den astean, eta bi partidako aldeari eusten dio aurretik duen taldeak, Alacantek. Estatistika kaskarra dauka Granadak etxetik urrun, azken zazpi partidak galdu baititu jarraian, eta horrek lasaitasun apur bat eman dio Katsikarisen taldeari. Gehiegizkoa ere ez, dena den: «Talde hobea dugula uste dut, baina saiatzen ez bagara, ez dugu irabaziko».
Granadak denboraldi hasieratik izan duen zorte txarra azpimarratu du entrenatzaile greziarrak: «Joe Ingles galdu zuten aurrena, eta Rob Kurz gero, ligako jokalari onenetako bat. Korolev errusiarra eta Steffansson islandiarra ere luze egon dira min hartuta. Normala da dauden lekuan egotea, baina hiltzera doan animalia bezalakoa izango da. Ez dira berehalakoan belaunikatuko, tentuz aritu behar dugu».
Bilbo Basketek ezin du kale egin sailkapeneko azkenaren aurka
Azken zortzi dematan lau garaipen behar ditu, eta Granadaren aurkakoa aproposa da lehena lortzeko (18:00)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu