Bilbo Basketek inoiz ez du irabazi Kanaria Handian

Historian lehen aldiz gailendu nahi du han, eta sailkapenean hiru garaipeneko tartea ireki (12:30, ETB1)

Marko Banic Bilbo Basketekoa, lehen itzulian Kanaria Handiaren aurka jokatutako partidan. 72-75 galdu zuten etxekoek. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Andoni Urbistondo.
2011ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Bilbo Basketek zor bat dauka historiarekin. Sei aldiz jokatu du Kanaria Handiko kiroldegian, eta seietan galdu du. Kantxa gaiztoa da Las Palmas hirikoa talde askorentzat, eta bizkaitarrentzat bereziki. Han beti galtzaile irten izanak Bilbo Basketeko Fotis Katsikaris entrenatzailea arduratu egiten du: «Alor hori landu dugu batez ere asteko lan saioetan. Jokalari batek estatistika horri begiratzen dionean, kantxa horretan irabaztea ezinezkoa dela pentsatzen hasten da, eta gu egoera horri garrantzia kentzen saiatu gara». Kanaria Handikoarekin batera, Bartzelona da Bilbo Basket inoiz garaile izan ez den beste kantxa.

Malagan jasotako astindua iragana dela esan du Katsikarisek. «Onartzeko moduko porrota zen, Unicaja ondo ari delako, eta aurrera begiratu behar da». Aurrera, Kanaria Handiko garaipenak balio handia duelako. Bi taldeek helburu bera dute, baina lasaiagoa da bizkaitarren egoera. Bosgarren postuan daude, lau koska beherago Kanaria Handia. Bederatzigarren postu horrek titulua lortzeko kanporaketetatik at uzten du Pedro Martinezen taldea behin-behinean, eta handiagoa da etxekoen presioa.

Bilbo Basketek 15 garaipen bildu ditu, eta, Katsikarisen ustez, beste lau lortzen baditu, ziurra lukete zortzi onenen artean sartzeko txartela. Bederatzi geratzen diren heinean, lau horiek lehenbailehen lortzea onena, eta lortu ostean, sailkapena hobetzen saiatzea. Gaurko garaipenak balio bikoitza izan dezake, Bilbo Basketek hiru garaipeneko zulo polita irekiko lukeelako Kanaria Handiarekiko. Azpimarratzeko modukoa da, era berean, bi taldeen arteko puntu aldea. Kanaria Handiak hiru puntugatik lortu zuen garaipena lehen itzulian Miribillan, eta alde hori gainditzea komeni, gerta litezkeen berdinketa kasuak gogoan.

Kanaria Handiak Dejan Boronvjak pibot serbiarra fitxatu du Sitapha Savaneren hutsunea betetzeko. Xavi Rey kataluniarrak ere atzean utzi du giharretako lesioa, eta jokatzeko prest dago. Bizkaitarren artean jokalari guztiak sasoitsu daude.

Joventut Donostian

Ordu berean kantxaratuko dira Illunben Lagun Aro eta Joventut (12:30). Bata zein bestea bolada txar-txarrean murgilduta daude, eta bietan onena zein den ezin jakin zehatz. Lagun Aroren bolada txarra urtarrilean hasi zen, eta hiru hilabeterako doa. Joventutena Koparen ostean hasi zen, eta orduz geroztik jokatutako sei partidetatik bakarra irabazi du Badalonako taldeak. Halere, zortzi onenen artera hurbiltzeko aukeran da, liga erregularra ondo-ondo bukatzen badu, eta asmo horrekin jardungo du gaur.

Lagun Arok helburu hori ezinezko du, eta liga ahalik eta duintasun handienarekin bukatu beste asmorik ez du. Helburu apala, soila, askoren ahotan, baina Pablo Laso jokoan asko dagoela saltzen saiatu da aste honetan. Lan zaila hartu du entrenatzaile gasteiztarrak, taldeko zaleek Lagun Aro gorago ikustea espero zutelako eta kale egin duelako. Batere erremediorik gabe, gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.