Bilbo Basketek inoizko hasierarik onena egingo du Real Madril menderatuz gero

Irabazita lidergoan egongo litzateke etxeko taldea; Real Madrilek ere dotore ekin dio ligari

Andoni Urbistondo.
2010eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Bizkaia Bilbo Basketek lidergoari eutsi eta kemen handia hartzeko aukera aproposa dauka arratsaldean. Real Madril hartuko du Bilbo Arenan (18:00), sona handiko taldea, baina bizkaitarrak gogotsu daude. Gogotsu euren lidergoa behin-behinekoa ez dela erakusteko, talde handia izan nahi dutela erakusteko, Bilbon irabazi nahi duen talde orok majo sufritu beharko duela erakusteko. Lidergoa jokoan, eta aurkari gaiztoa kantxaren bestaldean zain. Menu ezin hobea arratsalde pasa on baterako.

Aurkari gaiztoa Real Madril. Euren kirol egoera bat edo beste izan, beti delako aurkari gaiztoa. Gaur-gaurkoz, kirolaren alderditik ondo dabiltza. Katsikarisen taldeak bezala, jokatutako bi partidak irabazi ditu -Estudiantes eta Manresa-, eta 2-0 balantzearekin dago. Madrildarrek ere esku-eskura dute lidergoa, eta haientzat funtsezkoa litzateke sari hori, Atenasen etzi Euroligako lehen partida jokatu aurretik. Horregatik, eta egunen joan-etorrian Bartzelonak Superkopan eman zien muturreko galanta ahazteko.

Bilbo Basketek Javi Rodriguez eta Axel Hervelleren faltako ditu berriz, baina ongietorriak haien lesioak, euren ordezkoak ematen ari direna ematen badute. Aaron Jacksonen osagai ezin hobea izaten ari da Josh Fischer, eta Martin Rancik taldeko jokalaririk onena izan zen azken partidan, Valentziaren aurka. Bizkaitarren arrakastak ez du zerikusirik izen batekin edo bestearekin, bloke oso baten lanarekin baizik. Denek laguntzen dute; denek egiten dute taldearentzat onuragarria den zerbait, eta elkartasun horrek ematen die indarra beren baliabide garrantzitsuenari begira: defentsa zorrotza.

Real Madrilen izenak ari dira tiraka, izanak baino gehiago. Carlos Suarez hegaleko fitxatu berria, batez ere. Suarez eta Mumbruren arteko borroka polita espero da, biak baitira erasoko errebotea ondo lantzen duten hegaleko garaiak, eta biak daudelako sasoi onean. Adi Clay Tuckerrekin eta Felipe Reyesekin ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.