Bilbo Basketen denboraldi osoko une gozoenak kantxan gertatzen ez diren kontuetan dauzka aurkari gaiztoenak: lehena, 45 orduko epe laburrean bi partida zail jokatu beharra, eta bigarrena, biak etxetik urrun izanda, komunikazio zaila duten bi hiriren arteko bidaia nekeza egin behar izan duela taldeak. Bilbo Basketeko jokalariak ostegun gauerdia jota joan ziren Alacanteko pabiloitik hotelera. Goizean, jaiki, autobusa hartu, eta 479 kilometro aspergarri egin autobusean, Malagaraino iristeko. Otordua egitera geratu ziren bidean, eta arratsaldean, hotelera iritsi ondoren, jaurtiketa saio labur bat egin zuten, gaurko partida prestatzeko.
Atseden hartzeko tarte eskasak izango al du eraginik bizkaitarren jardunean? Pentsatzekoa da jokalariak halako egoerei aurre egiteko prest daudela, baina Unicajak denbora gehiago izan du partida prestatzeko. Asteazken gauean jokatu zuen azken partida, etxean, Manresaren aurka, eta pentsatzekoa da erritmo handian ekingo diola, bizkaitarrek nekea lehenbailehen sumatu dezaten.
Partida zortzi onenen multzoan sartu nahi duten bi talde onen arteko dema polita izango da. Bi taldeak daude bolada gozoan, eta Unicaja asko hurbildu da zortzigarren postura, azken bost partidetatik lau irabazita. Malagakoek garaipen bakarrera dute zortzigarren postua, eta, bide batez, Bilbo Basketekiko duten hiru garaipenen aldea murrizten ere saiatuko dira. Chus Mateok jokalari aldaketa asko egin ditu entrenatzaile kargua hartu zuenetik, eta azkena Georgios Printezis greziarra fitxarik gabe uztea izan da. Carlos Jimenezen hutsunea ere izango du Unicajak.
Bilbo Basketi dagokionez, lau partida irabazi dituzte jarraian bizkaitarrek, eta horrek konfiantza eman dio taldeari. Alacanteko garaipena oso landua izan zen, gainera, eta horrek Fotis Katsikarisek zuzentzen duen taldea partida orotan ondo moldatzen dela erakusten du. Bosgarren garaipenak sailkapeneko lau onenen artean finkatzeko balio dezake, eta titulua lortzeko aurreneko kanporaketan azken partida etxean jokatzeko abantaila. Jokalari guztiak jokatzeko prest daude. Aaron Jacksonek belauna bihurritu zuen Alacanten azken laurdenean, baina, taldeko medikuek esan dutenez, ez du jokatzeko arazorik izango.
UNICAJA-BILBO BASKET
Txapelketa. ACB ligako25. jardunaldia.
Unicaja. Blakney, McIntyre, Freire, Berni Rodriguez, Saul Blanco, Fitch, Tripkovic, Almazan, Guille Rubio, Freeland, Archibald eta Sinanovic.
Bizkaia Bilbo Basket. Fischer, Jackson, Blums, Paco Vazquez, Vasileiadis, Mumbru, Banic, Hervelle, Mavroeidis eta Hernandez-Sonseca.
Sailkapena. Unicaja 9. postuan dago: 12-12 (+18); Bilbo Basket laugarren postuan dago: 15-9 (+104).
Lekua. Martin Carpena pabiloia (12.000 ikusle).
Ordua. 18:00 (Teledeporte).
Bilbo Basketek ligako lau onenen artean finkatu nahi du
Bilbotarrek bosgarren partida irabaziko dute errenkadan, gaur Unicajaren kantxan gailentzen badira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu