Euskal Herriko Itzuliaren 55. edizioa aurkeztu dute Donostian. Tropeleko hainbat txirrindulari esanguratsu ariko dira lehian; tartean, Nairo Quintana 2013ko edizioko txapelduna, Michal Kwiatkowski iazko txapeldunordea, Tony Martin, Tony Gallopin, Tejay Van Garderen eta Joaquin Rodriguez. Euskal txirrindularien artean, Izagirre anaiak, Mikel Nieve eta Mikel Landa dira parte hartuko dutenetako batzuk. Ez da bertan izango, ordea, iazko txapelduna: Alberto Contador.
Bilbon hasi eta amaituko den etapa batekin ekingo diote itzuliari. Bigarrenean, Bilbotik Gasteizera joango dira txirrindulariak, eta hirugarrenean, Arabako hiriburutik Zumarragara. Ostegunean igoko dira Arrateko gainera, eta bosgarrenean Eibartik Aiara joango dira. Aian egingo dute azken eguneko erlojupekoa, 18,3 kilometrokoa.